Gaintxurizketako bizilagunek errepide gainean auzora eta Euskotren geltokira sarbide emango dion pasabide bat, inguruko argiztapena hobetzea eta oinezkoentzako zein txirrindularientzako errei bat eskatu dizkiote Gipuzkoako Foru Aldundiari. Atzo arratsaldean elgarretaratze jendetsua egin zuten Errekalde hotelaren aurrean "GI636 Hil Egiten Gaitu!" lelopean, eta besteak beste, Bidasoko bizikletaren aldeko Balazta elkarteak ere bat egin zuen mobilizazioarekin. Ez da aurreneko aldia elkarte honek txirrindularien segurtasuna aldarrikatzen duela. 2022ko urtarrilaren 8an 43 urteko Jon Rodriguez hondarribiarra istripuan hil zenean ere, bizikletaren aldeko Gipuzkoako elkarte guztiak mobilizatu baitziren.
Nolanahi ere, azken bi urteetan zazpi pertsona hil dira auzo elkarteak salatzen duen «puntu beltz» horretan. Eta horietariko bi auto batek harrapatutako bi oinezko izan dira, Joana de Almeida 18 urteko gaztea urtarrilan, eta 72 urteko Bakhata Belahcene “Berta” joan den abuztuan. Auzo elkarteko kideek oroitarazi dutenez, bertan dagoen Lezoko auzo hortako bizilagunek ez dute beste alternatibarik, bide bazterreko artzenetik ibiltzea baizik. Ez baitago espaloirik.
Abuztuko azken istripu honen ondorioz hasi ziren auzokideak antolatzen. Eta auzo elkartea eratu behar izan dute ofizialki, haien eskaerak administrazioari bideratzeko. Hala egin dute, eta urriaren 9 honetan, asteazkenean, Gipuzkoako Batzarretan Gaintxurizketako segurtasun arazoa aztertuko dute gai ordenean. Auzo elkarteak epe ertain edo luzerako proiektuez gain, «berehalako neurriak» exijitzen ditu «arriskua gaur eta orain dagoelako». «Soluzioak orain behar ditugu» aldarrikatu dute. Zentzu honetan, hurrengo biktima zein izango denaren beldur bizi direla, eta hortaz jabetu daitezen eskatu diete talde politikoei.
Bestalde, azken urteotan bertan emandako istripuen eta hildakoen datu ofizialak ere argitu ditzatela eskatu du.