Beharrezkoa ez duten AHTa finantzatzeko zerga gehigarrien kontra mobilizazioak martxan

Antxeta Irratia 2024ko urr. 9a, 11:31

AHTaren aurkako"Larrialdiko balaztatzea" operazioa abian jarri du CADE kolektiboak Lapurdin, eta urriaren 13ko mobilizazioan parte hartzeko autobusa antolatu du Bordelera. Gaur egun azpierabilia den trenbidea berritzearen aldekoak dira ekologistak, herritarrei zerga gehigarririk pagarazi gabe. Proiektuak «ez hanka ez bururik ez duela» agerikoa da haien ustez, ibilbide aldaketek Hego Lapurdi eta Irun bazterrean uzten dituela ikusita.  

CADE Ingurumenaren Babeserako Elkarteen Kolektiboak "Larrialdiko balaztatzea" operazioa abian ezarri du AHTaren proiektuaren berrabiatzearekin. Proiektua pausatua zegoela zirudien, eta Hegoaldeko obrak bere horretan jarraitzen duten bitartean, frantses estatuak 2042 urtera arte finantzamendurik ez zuela bideratuko argitu bazuen ere. Orain berriz ere proiektua aktibatu nahi du Parisek. «Guk bagenekien ez zegoela pausatua, baina isilik egon dira orain arte», kexu da CADE kolektiboko kide Pantxoa Tellier.

Aldi berean, Hego Euskal Herrian 2028 inguruan obrak amaituko zirela iragarri zuten. Baina AHTaren ibilbidea ere ez dago orain argi Nafarroarekin lotura Gasteiz ala Ezkio-Itsasotik egingo ote duten. Eta Iparraldean Akizetik Biriatura doan bidea behin betiko finkatu behar da oraindik, trenbidearen %25 lur azpitik joango dela iragarri dutelarik. Irunekin lotzeko proiektuak ere «ez hanka ez bururik ez duela» ohartarazi du Pantxoa Tellier CADEko kideak. Izan ere, Irungo tren geltoki berria eraikitzeko obrak martxan diren bitartean, 70 milioi euro inguruko inbertsioarekin, «orain ez dute AHTak bertan geltokirik egitea aurreikusten, ez zen hori Irungo alkate oihak (Jose Antonio Santano) onartua zuena, eta sahietsetik pasako da, Irundik urrun» dio.  

Zentzu honetan, CADEk gaur egun dagoen trenbidea berritzearekin aski dela defendatzen du. Trenbidea azpierabilia dagoelako SNCF eta RENFEk emandako datuen arabera. Tellierren ustetan, «nahiko ahalak baditu egungo trenbideak Hegoaldetik zein Parisetik etortzen direna trenak jasotzeko». 240 tren pasatzen ahal dira egunero Hendaiatik, eta gaur egun 63 besterik ez dira pasatzen. Merkantzia trenen kasuan, aldiz, 2020ean egunero 160 aurreikusten ziren bitartean, 2024an 13 baizik ez dira izan batez bestean.

Bestalde, Irunen geltokirik ez badu izango, AHTaren proiektuak Hego Lapurdin ere ez du geltokirik aurreikusten orain, Baionan loturaren bat besterik ez. Hala ere, parte bat Euskal Hirigune Elkargoak ordaindu beharko duela oroitarazi du CADE kolektiboak. Erakunde honetan emandako bozkan %75 batean AHTaren aurka bozkatu bazuten ere, aurreikuspenen arabera, herritar bakoitzak urtero 20 euro pagatu beharko ditu Foyer Fiscal delakoan 30 urtez, horren pagatzeko. Haatik, Pantxoa Tellierrek ohartarazi du hori ere ez dagoela lotua, eta kopurua emendatu daitekeela, Europak finantzamendua %20 batean lagundu beharko badu ere, ez delako segurtatua.

Horiek hala, urriaren 13an ekitaldi bat egingo dute Bordelen hau salatzeko, eta autobusa antolatu dute bertarako Urruñatik eta Hiriburutik. Lekua atxikitzeko pachonlgv@gmail.com helbidera idatzi behar da. Irailaren 26an bilkura publikoak egin dituzte Mugerren eta Baionan ere, eta uste baino jendetsuagoak izan dira.