Jokabide jasangarriak dituzten familientzat arinagoa izango da gorakada, baina orohar, hondakinen tarifa berriak garestituko dira heldu den urtean irundar eta hondarribitarrentzat. Materia organikoa bereizten duten familientzat, %5 igotzea onartu zuten atzo. Hortaz, urtean 7 euro gehiago ordaindu beharko dute. Organikoa bereizten ez duten familiei aldiz, %12ko igoera aplikatuko zaie. Hortaz, familia jasangarriek urtean 147,84 euro ordaindu beharko dute, eta bereizketa egiten ez duten familiek 272,88 euro.
Leire Zubiturrek, Txingudiko Zerbitzuetako kudeatzaileak azaldu duenez, edukiontzi marroiaren erabilera sustatzen jarraitzeko helburua dutenez, tarifen bereizketa metodoari eustea erabaki dute. Izan ere, Bidasotar orok bere hondakinak bereizi ditzan erronka markatu dute Txingudiko Zerbitzuetan, Europako zuzentarauen aginduz 2030 urtean berziklatze-tasa %70ekoa izan behar duela jakinda. Hori lortzeko, oraindik ere errefuxaren gris koloreko kontenedorean amaitzen duten hondakinen %67a bereiztea giltzarri izango da. Eta horren baitan, oraindik ere hondakin organikoak biltzen ez dituzten bidasotarrak aktibatzea ezinbesteakoa da. «Urtean 80 euroko aurrezkia lor dezakete urte osoan zehar kontenedore marroian alta eman eta etxeko lanak ondo eginez gero», azpimarratu du Txinzer-eko kudeatzailea Leire Zubiturrek.
Zentzu honetan, 2023 urte hasieran herritarren %52,87 parte hartzen zuen eskualdean materia organikoaren bereizketa sisteman. Eta BidaSOS 2030 kanpainari esker emaitzak hobetzea lortu dute. Edukiontzi marroiaren erabilera %10-15 artean emendatzea lortu dute iragan den auzoetan. Eta urriaren 26a arte Txinzerreko hezitzaileek etxez-etxe eta bulego ibiltariarekin ere pedagogia egiten jarraituko dute Larreaundi, Olaberria, Behobia, Bidasoa eta Artian.
Ura: euro bat gehiago hilero
Bestalde, uraren zikloari dagokionez, izan iturriko ura zein ur zikinen kudeaketagatik Txingudiko Zerbitzuetako erabiltzaileek 2025ean %5eko igoera izango dute. Argitu dutenez, «Denbora honetan kontsumigarriak, energia eta kanpo zerbitzuen kostuak nabarmen igo dira, eta ezinezko bihurtu da aurreko prezioak mantentzea». Hori dela eta, familia batek hilero euro bat baino zertxobait gehiago ordainduko du gehigarri 2025ean.