agus hernan - antxeta irratiko lehendakaria

«Antxetan lanpostu bat galtzea suposatzen du, legeak hedabide handien kontzentrazioa areagotzen du, iritzi aniztasunaren kontrako eraso larria»

Antxeta Irratia 2024ko urr. 16a, 15:26

Herritarren adierazpen plataforma diren heinean, Frantziako Kultura Ministeritzak irrati-elkarteek ukaiten duten FSER diru funtsa 2025ean %30 murrizteko erabakiak kezka sortu du. Urriaren 10ean aurkeztu zuen Finantza Lege Proiektuan Fond de Soutien à l’Expression Radiophonique 10 milioi euroko apaltzea jasango dute. Ondorio larriak izango ditu Antxeta Irratia bezalako 700 bat elkarte-irrati libreentzat.

Gaur egun 770 bat elkarte-irrati daude Frantziako estatuan. Eta gobernu berriak urriaren 10ean aurkeztu duen 2025eko Finantza Lege Proiektuak aurreikusten duen FSER laguntza funtsaren murrizketa Asanblada Nazionalean onartzen bada, diru apaltze honen ondorioz, 200 elkarte-irrati inguru desagertuko dira SNRL irrati libreen sindikatuaren arabera. Ttitto Betbeder SNRL sindikatuko idazkari nagusia eta Ipar Euskal Herriko Euskal Irratien administrariak argi utzi du, frantses gobernuak isilean eraman duen erabaki bat dela, eta irrati-elkarteentzat «desastrea» dakarrela. «Elkarte irratientzat desastre bat da hori konfirmatzen bada, ez zen seinalerik, ez zen mezurik horren inguruan. Alderantziz, eskuz-esku ari gira lanean Kultura Ministeritzarekin eta orain arte fondoa beti atxikia izan da eta azkartua azken urteetan», argitu du. 

Gogoratu beharra dago, 80. hamarkadan François Mitterrandek Frantziako garai hartako presidente zenak, irrati elkarteak legez aitortu zituenetik martxan jarri zela diru laguntza sistema hau. Eta aski eredugarria izan dela Frantziako eredua. Agus Hernan, Antxeta Irratiko lehendakariak argitu duenez, laguntza berezia da, irrati komertzialek jasotzen ez dutena, hauek abantail gehiago dituztelako. «Garaiko irrati piratak legeztatzea erabaki zuten 80. hamarkadan, eta laguntza hauek ez ezik, irrati uhinen frekuentziaren %30 guretzako erreserbatuta dago», dio gerora hau betetzen ez dela ohartuz, «baina irrati emandegi komertzialek ez bezala, irrati elkarteok aurrekontuaren %20ra mugatua dugu publizitatearen diru sartzeak».

Zentzu honetan, frantses estatu mailan kinka larrian jartzen dituen legeak, Ipar Euskal Herrian ere, Lapurdi, Xiberoa eta Baxe Nafarroako hainbat irrati elkarte hunkitzen ditu. Eta Antxeta Irratiaren kasuan «zuzenean lanpostu oso bat galtzea suposatuko luke murrizketa horrek». Baina hori baino gehiago da mehatxatuta dagoena Agus Hernanen ustez. «Eskualde bakoitzean dagoen irrati-elkarte bakoitzak, bertako bizitza demokratiko, kultural eta sozialean funtsezko papera betetzen du, eta iritzi aniztasuna eta pluraltasuna bermatzen du», aldarrikatzen du.

Euskarazko irratien kasuan, «kaltea bikoitza da» bere ustetan. Hortaz, Antxeta Irratia bezalako irrati elkarte eta irrati komunitario askoren proiektuak kolokan jartzeak, «gero eta nabarmenagoa den enpresa handien eskuko komunikabideen kontzentrazioa areagotu besterik ez du egingo, eta diskurtso bakarraren ildotik, gizarteak eta bere pluraltasunak ahotsa galduko du». Izan ere, aurrez sekula ikusi gabeko murrizketa honek, irrati elkarteek herritarrei eskaintzen dieten «adierazpen plataformaren ahultzea» ekarriko du ezinbestean. «Gure Bidasoa eskualde honetan entzuleek ez ezik, agintariek, euskaltzaleek, herritar orok, elkarte eta eragile sozialek ere ongi dakite, Antxeta Irratia sortu zenetik 24 urteotan elkarte eta herri mugimendu askoren bozgoragailu izan dela, beste hedabideak ez bezala», dio irrati elkarteko lehendakariak. Era berean, mugaz gaindiko proiektu bat da, eta «Txingudi eskualdea kohesionatzeko egiten duen lana azpimarratu beharra dago, proiektu berezia da, eta harro gaude», dio.

Horiek hala, Iparraldeko Euskal Irratiak federazioko gainerako irrati elkarteek bezala (Gure Irratia, Irulegiko Irratia, Xiberoko Botza eta Amikuzeko Irratia), Antxeta Irratiak ere Frantziako instituzioetan ordezkaritza lana burutzen duten euskal parlamentari eta senatariei laguntza eskatu diete. Gutun sendo bana igorri diote ordezkari politiko bakoitzari babesa eskatuz. Asanblada Nazionalean 2025eko Finantza Lege Proiektua bere horretan onartuko balitz, duela 40 urte lortutakoaren parte galdu eta oinarri demokratikoetan aurrekaririk gabeko atzerapausoa emango bailitzake frantses estatuan, eta Ipar Euskal Herrian ere.