Goi mailako pintxoen usaina emango du Itsas Etxeak urriaren 21etik 23ra

Antxeta Irratia 2024ko urr. 17a, 09:47

Euskal Herriko Pintxo Txapelketaren 19. edizioa ospatuko da Itsas Etxea auditorioan hiru egunez, ate zabalik eta jendaurreko sukaldaritza saioekin. Aurtengo 54 lehiakideen artean Bidasoa eskualdeko bost ordezkarik parte hartuko dute: Hondarribiko Tatapas, Gran Sol eta Danontzateko sukaldariek, eta Irungo Manolo tabernak eta Danako jatetxeak. 

Eskualdeko ostalaritza erreferentzia da pintxoen sektorean, eta horren adibide dugu, orain artean ospatutako Euskal Herriko Pintxo Txapelketaren 18 edizioetan, txapela seitan geratu dela Bidasoaldean. Horretan, Hondarribiko Gran Sol da erreferente nagusia, lau txapela eskuratuta (2010, 2013, 2017 eta 2023an). Sardara ostatuko Gorka Soutok eta Martin Merinok 2016an irabazi zuten, eta Irungo Danako tabernako David Rodriguez eta Naiara Abandok eraman zuten bestea 2019an.

Oraingo honetan, Hondarribiko hiru ordezkarik eta bi irundarrek parte hartuko dute urriaren 21ean 10:00etan hasiko diren sailkapen frogetan. Aurrekoetan bezala, showcooking formatoan, beraz, jendaurrean eta ate zabalik burutuko da txapelketa osoa. Tatapas tabernako Adur Arrieta eta Taliska Levich, Gran Sol tabernako Iñigo Tizón eta Alberto Loro, Danontzat ostatuko Gorka Irisarri eta David Torres Hondarribiatik, eta Irungo Manolo tabernako Iñaki Barrios, eta Danako jatetxeko David Rodriguez eta Naiara Abando ariko dira.

Antolatzaileek iragarri dutenez, sailkapen fasea hiru txandatan egingo da. Urriaren 21ean astelehenarekin 10:00etatik 13:00era eta 16:00etatik 19:00etara txapelketaren estreineko egunean, eta urriaren 22an, asteartearekin, goizean hirugarren txanda ospatu ondoren, arratsaldean final-aurrekoak jokatuko dituzte. Finala urriaren 23an 9:30etik 12:00etara egingo da. 

Irudian: Gorka Souto eta Martin Merino 2016ko txapeldunak “Barbalada” pintxoarekin.