Urriaren 26an Baionako Le Bayonne hotelean 11:00etan ospatuko duten sari banaketa Bidasoaldeko protagonistak izango ditu denak. Alkartasuna Fundazioak arlo desberdinetan pertsona edota kolektiboek egiten duten lanaren aitortza gisa banatzen duen Nestor Basterretxearen “Zazpiak bat” dominak Baionan banatu, baina eskualdera ekarriko dituzte sarituek. Izan ere, Hendaiako Baleak Elkarteak eta Urruñako auzapeza den Filipe Aramendik euskal kultura bultzatzeko egindako lanagatik, Jokin Etxebarria Bake Bidea mugimendu zibileko kidea, Euskal Herriaren garapen eta kohesioari egindako ekarpenagatik, eta Irungo Harrera Sarea, migratzaileekin egindako lan humanitarioagatik sarituko dituzte.
Irungo Harrera Sarea
Irungo Harrera Sarea 2018an hasi zen auzo antolakuntza solidariotik, prekarietate eta abandonu egoeran dauden migratzaileei harrera duina eskaini nahian. Lakaxita gaztetxean hasi ziren migratzaileei aterpe ematen, eta Irungo San Juan plazan egindako akanpada protesta baten ondotik lortu zuten Eusko Jaurlaritzak Gurutze Gorriaren dispositiboa martxan jartzea. Ondoren ere, hasieratik bezala, arropa eta osasun laguntza ez ezik, arreta humanitario integralerako eskubidearen aldeko lana egiten dute sarea osatzen duten bolondresek. Egunero San Juan plazan harrera eginez, eta gauetan Gau Txorian dabiltzan bolondresek Irunera heltzen diren migratzaileak Arretxegainako aterpetxera lagunduz.
Hortaz gain, sentsibilizazio ekintza ugari egin ditu eragile honek, kaleko mobilizazioetan ez ezik, Euskal Herriko ikastetxe askotan migratzaileen errealitatearen berri emateko hitzaldiak eskainiz, baita Irungo migratzaileen ibilbideen urratsetan zehar ikasle taldeen bisitak antolatuz ere.
Baleak elkartea
Bidasoaz bestalde, 1987tik euskal kultura eta hizkuntza sustatzeko Hendaiako Baleak elkarteak egin duen lan eskerga kontuan hartu du Alkartaduna Fundazioak ere, euskara ikastaroak, bertso saioak, euskal kantutegi herrikoia zabaltzeko jarduerak edota topaketa gastronomikoak ez ezik, Euskal Herriko errealitate eta borroka sozial anitzei buruzko solasaldiak ere antolatzen dituelarik hileroko azken ostegunetan.
Filipe Aramendi
Baleak elkarteak bezala, Urruñako auzapezak ere euskal kultura bultzatzeko egindako lanagatik sarituko dute. Ibilbide luzea egin du Urruñako hezkuntza arloan euskararen sustapenean. Seaska Ikastolen Elkarteko lehendakariorde gisa, Piarres Larzabal Kolegioaren eta bertako ikastolen buru bezala, zein Ezkerreko Mugimendu Abertzalea (EMA), Abertzaleen Batasuna (AB) eta Euskal Herria Bai (EH Bai) koalizioko militantziaren bidez. Gaur egun, Urruñako auzapez eta Euskal Hirigune Elkargoko kidea da.
Jokin Etxebarria
Era berean, normalizazio politikoari eta gizarte kohesioari egindako ekarpenagatik Jokin Etxebarria hendaiarra sarituko dute. Euskal Herriko bake prozesuaren aldeko Bake Bidea mugimendu zibileko kide ez ezik, euskal preso eta iheslari politikoei herritartasun estatusa berreskuratu eta bizitza duina lor dezaten laguntza ematen duen Harrera elkarteko koordinatzaile da.
Horiek hala, elkarte eta herritar hendaiar bana, urruñar bat eta Irungo bolondresen sare batek jasoko dituzte aurtengo sariak.