Oihartzun handia bildu du liburuak nazioartean. Migrazio baten egiazko kronika izanik, 2019an Ibrahima Balde konakryatarrak eta Amets Arzallusek idatzia, Ander Lipusek ekarri du antzokira, eta zaila izan dela aitortu digu zuzendariak. «Aurretik ere egiazko istorioak kontatu izan ditut fizkionaturik, baina hau gai delikatu bat zen. Lortu dugu hala ere, muinan bilatzen genuena», dio. Izan ere, Ibrahimak ahoz kondatutakoa da Ametsek idatzira ekarri zuena. Eta liburua orain dela 5 urte plazaratu zuen Susa argitaletxeari esker. Orain Artedramaren eskutik oholtzara ekarri dute lan berezi hau, aurretik Timberlake estatubatuarrak ingelesezko bertsioa taularatzeko asmoa zuela jakin zutenean. Lipusek argi izan zuen hasieratik, «istorioa jatorriz sortutako euskaraz plazaratu behar zela antzokietan ere».
Ametsek berak ere ez zuen pentsatzen hasieran, antzokietaraino iristeko moduko hainbeste hari izango zituen obra izango zenik. «Oraindik ere harridura pittin bat ere sentitzen dugu, baina poza ekartzen du adaxka berri honek ere», dio hendaiarrak. Zentzu honetan, Ibrahimaren istorioak Euskal Herri osoan zehar ez ezik, munduko txoko askotan bihotzak hunkitu ditu. Eta proposamen honekin etorri zitzaiekienean ez zuten zalantza askorik izan. Ametsek eta Ibrahimak baimena eman zuten antzerkia sortzeko.
Arzallusek berak aitortu digu hurbiletik jarraitu duela antzerkiaren sorrera proiektua, baina ez duela gehiegi esku hartu nahi izan. «Galdetu zidaten eta abiapuntu batzuk eman nizkien, gero jarraitu dut prozesua, baina libertadea izan dute obra sortzeko, ni ez naiz antzerkian aditua, hori beraiek dira», argitu du.
Duela gutxi arte Ibrahima Baldek muga zeharkatzeo baimenak lortzeko zailtasunak izan dituela kontatu digu Ametsek, eta orain lortu duela antzerkia programatzea erabaki zutela. Izan ere, Miñan liburuak kontatzen duen istorioa, istorio bizia dela azpimarratzen du egileak. Migrazio prozesuak ez baitu etenik migratzen duenarentzat.
Aurreneko emanaldian, Luhuson, ikuslearentzat istorioa hunkigarria dela frogatu ahal izan dute, baina aktoreentzat ere berezia da. Hala aditzera eman digute Eiara Irazusta, Sambu Dihabi eta Mikel Callek.
Emanaldi agenda luzea
Xehetasun hauek eta gehiago Amets Arzallusen eskutik jaso ahal izango dituzue urriaren 31n, Hendaiako Baleak elkartean solasaldi bat emango baitu Ametsek, bost urteotan Euskal Herri osoko elkarte eta ikastetxe askotan ere, istorioaz jardun ondoren, oraingo honetan antzerki obra estreinatu berritan daudela. Azaroaren 3an, aldiz, Hendaiako Zokoburuko Mendi Zolan kulturgunean taularatuko dute, baina sarrera guztiak agortu egin dira.
Estrainaldi ofiziala Bilboko Arriaga antzokian egingo dute urriaren 25ean eta 26an, eta ondoren, Oiartzungo Landetxen (urriak 27), Azpeitia (azaroak 1), Larresoro (azaroak 2) eta Hendaiakoa azaroaren 3an programatu dituzte. Eta abenduaren 28a arte beste 25 emanaldi lotuak dituzte, haien artean, Lesaka, Lezon eta Donostian hurbilenak. Sarrerak eta emanaldien agenda hemen sakatuz eskura duzute.