Donostiako Zinemaldiaren olatua bareturik, nazioarteko zinema Euskal Herrira eta euskal zinea nazioartera zabalduko ditu azaro hasieran Bilboko Zinebik. Ikus-entzunezko industriaren kabi izan ohi den festibalak, bertzeak bertze, orain lau urte bertan proiektu gisa aurkezturiko “Itoitz udako sesioak” filmaren estreinaldi mundiala ikusiko du, Larraitz Zuazo bizkaitarraren lehen film luzea.
Sail Ofizial sendoa dakar aurtengo jaialdiak, nazioartean hamaika gai sozial lantzen dituzten sortzaileen film berrienekin. Oihartzun berezia izanen dute Palestinako herriaren zapalkuntza lantzen duten "Bienvenidos conquistadores interplanetarios y del espacio sideral" (Andrés Jurado, 2024) eta "Sweeter Is the Night" (Fabienne Wagenaar, 2024) lanek.
Euskal zineari dagokionez, sail orotan izanen da presente, baina Bertoko Begiradak sailak aterpe emanen die besteak beste Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean estreinaldia izan zuten lan dezenteri. Horien artean dira Ernesto del Rioren “Ese mundo que no te da nada” eta Jone Ibarretxe eta Nere Falaganen “Esto no es Hollywood”. Sail berean, azken hamarkadan euskal zinea markatu duten hainbat sortzaileren filmak ere proiektatuko dituzte. Modu berean, Kimuak programaren mende laurdena ospatze aldera, honek nazioartera arrakastaz zabaldu dituen filma batzuk ere oroituko ditu jaialdiak, Itziar Leemansen “Ximinoa”, Koldo Almandozen “Deus et machina” edo Izibene Oñederraren “Hotzanak” besteak beste.
Etxepare Euskal Institutuarekin eta Quebeceko gobernuak Bartzelonan duen bulegoarekin jaialdiak duen elkarlanak ere emanen du fruiturik aurtengo edizioan. Irailean Quebeceko FCQVen hainbat euskal zinegileren lanak eman bazituzten, Zinebin Pedro Ruiz Quebectarraren “Le huitième étage. Jours de révolte.” filma emanen dute. Bertan, dokumentala eta fikzioa uztartuz, 1970. hamarkadan jardun zuen Quebeceko Askapen Frentearen historia kontatzen du.
Ohorezko Mikeldi sarien bidez, Laura Poitras zinegile estatubatuarra eta Jose Luis Alcaine argazki zuzendari espainiarraren ibilbideak omenduko dituzte. Poitrasen kasuan, "justizia sozialarekin eta herritarren eskubide eta askatasunen defentsarekin duen konpromiso irmoagatik, lan zinematografiko zorrotz batean adierazia, askotan irudikorra, zeinean lortu baitu, estilo narratibo intimo batetik, gure agintariei eska dakizkiekeen printzipio demokratikoak eta gardentasunekoak aldarrikatzea" sarituko dutela zehaztu du jaialdiak. Bere bi lan proiektatuko dituzte Zinebin zehar, zuzendaria bertan dela.