igor emery

«Kirol instalazioetan inbertsioak egiteko prest gaude, Real Union hazteko eta bailarako futbola garatzeko, orain da momentua baina udalen interesa behar dugu»

Antxeta Irratia 2024ko urr. 28a, 13:04

Lehen taldea Hendaian entrenatzen hasi da «elkarlanak eta beharrak» bultzatuta. Real Unionek futbol profesionalean bere lekua izan nahi badu, beste instalazio batzuk behar dituztelakoan dago Igor Emery klubeko presidentea. «Kirol zentro berri bat eta zelai gehiago behar ditugu bailaran», dio inbertsioak egiteko prest daudela iragarriz, «eztakit hemendik bost urtetara aukera hori izango dugun ala ez, baina interesa badu Udalak aprobetxatu beharko luke».

Irungo Real Unioneko presidentea Antxeta Irratiko Kiroletik irratsaioan (astelehen eta ostiraletan 15:00tan) izan dugu gonbidatu, klubeko lehen taldea Hendaiako entrenatzen hasi den astean bertan. Beltzeniako Bixente Lizarazu futbol zelaian trebatzen hasi dira, eta horren ordainetan Les Eglantins futbol talde hendaiarrak partiduetarako erabiltzen duen kirolgunearen mantenimendua bere gain hartuko dute irundarrek. Horretarako hitzarmena izenpetu du Real Unionek Hendaiako herriko etxearekin.

Mugaz gaindiko elkarlanetik ez ezik, beharretik sortutako lankidetza izan dela aitortu digu Igor Emery Real Unioneko presidenteak. Izan ere, euria erruz egiten duen bakoitzean Irungo Stadium Gal lokaztu ohi da, eta hamabostean behin Federazio 1 mailako futbol partida ofiziala jokatzeko aski lan dituzten bitartean, Irunen ez dago belarrezko beste zelairik goi mailako entrenamenduak burutu ahal izateko.

Igor Emeryk esan digunez, bere anaia Unai Emery klubeko akziodun nagusi bilakatu eta klubaren lema hartu zutenetik, proiektua Nafarrora eta Iparraldera hedatzea ere bada haien helburuen artean. Eta Hendaian entrenatzeko aukera ez da egun batetik bestera hartutako erabakia izan. «Sartu ginenean ia lehenbiziko bilera Hendaiako Les Englantinseko ordezkariekin egin genuen, orain arte ez zegoelako oso harreman ona bi kluben artean, eta hori zuzendu nahi geunen», argitu du, «Iparraldeko beste klub batzuekin ere harremana estutu dugun moduan». Aldiz, Hendaian dauden belarrezko futbol zelaiak lehen taldeak erabiltzeko aukera epe luzeko gogoeta ekarri du ondoren. Eta denen onerako dela azpimarratu du: «Hendaian zeuden aukera desberdinak aztertu genituen, eta azkenean egokiena hau zela adostu genuen. Guretzat egokia da, eta Les Englantins taldearentzat ere onuragarria izango da». 

Ez da aurreneko aldia historian Real Unioneko jokalariek Hendaian entrenatzen dutela. 90. hamarkada bukaeran ere, Sopiteko futbol zelaian entrenatu baitzuten maiz. Baina oraingo akordioa alde guztientzat baikorra izanik ere, ezin du Irunen dagoen kirol instalazioen gabezia estali. 

Espainiako Ligaren 12 klub sortzaile aintzindarietako bat da Real Union, eta lau koparen irabazle. Baina historia ez ezik, etorkizun oparorik nahi badu, lehiakor izateko kirol instalazio egokiak behar dituela aditzera eman du klub irundarraren presidenteak. Garai batean Elitxun, Kostorben, Galen edota Hondarribiko Amuten ere baziren futboleko zelai naturalak eskura, baina gaur egun ez dute beste alternatibarik izan Hendaiara jotzea baino. Igor Emeryk dioenez, kirol instalazio gune berri batean «inbertsioak egiteko» prest daude, «Real Union hazteko ez ezik, bailara osoko futbola garatzen laguntzeko» helburuarekin. Baina orain artean topatu ez duten borondate politikoa eskatzen die udal ordezkariei. 

Unai Emery entrenatzaile ospetsuak klubaren jabe egin zenetik, kapitala handitu egin du, eta Stadium Gal zelaiaren harmailak berritu dituzte. Harrobia sustatzeko klubaren egiturak berrantolatu dituzte eta Mariño-Real Union emakumezkoen futbol saila sortu dute. Bigarren mailara igotzeko erronka dute kirol arloan. Baina lehen taldea ez ezik, harrobia lantzeko kirol instalazioak eskax dituzte Irunen. «Lanean gabiltza klubaren profesionaltasuna lortzeko, baina Real Unionek bere lekua izan nahi badu futbol profesionalean beste instalazio batzuk behar ditu, eta kirol zentro berri bat eta zelai gehiago behar ditugu bailaran», dio Emeryk. Izan ere, argi dauka arazoa ez dela klub txuribeltzarena soilik. «Azken urteetan eskualdeko futbolak asko sufritu du, ez daudelako zelai nahikorik, eta arazo handiak ditugu, gutaz aparte San Martzial, Mariño, Landetxa, Behobia, Dunboa klubak ere daude Irunen, eta kirol instalazio berri batzuk txikietatik handietara, neska eta mutilen futbola garatzeko izango lirateke», argitzen du. 

Zentzu honetan, erakunde publikoen ahalegina eta interesa ezinbestekotzat jotzen du. Real Unionen eta Emery familiak inbertsioak egiteko prestutasuna dutelako, «eta aukera orain daukagu, eztakit hemendik bost urtera aukera hori izango dugun ala ez, baina aprobetxatu behar da» ohartarazi du.