Azken urteetan, terrorismoa, pandemia, nazioarteko kirol lehiaketak edo joko olinpikoak zirela-eta, Schengen hitzarmenaren baitako arauak urratu ditu Frantses estatuak, Europar Batasunaren baimenarekin batzuetan, baimenik gabe bertzeetan.
Oraingoan, bihar hasi eta heldu diren sei hilabeteetan mugak kontrolatzeko Ekialde Hurbileko gerlak eta Europako klima politikoa aipatu ditu Parisek, Bruselan Schengeneko hitzarmena gainbegiratzen duen bulegoari igorritako gutunean.
Euskal Herrian eta gure eskualdean bereziki, muga kontrolatua izateak sortzen duen “zatiketa” salatuko dute gaur arratsaldean 18:30ean EHBai eta EHBilduk, Santiago zubian eginen duten elkarretaratzean. Bertan izanen dira, bertzeak bertze, Pernando Barrena eurodiputatu nafarra, Annie Poveda departamenduko kontseilari urruñarra eta Laetitia Navarron Hendaia Biltzeneko bozeramailea.