Frantziako Barne ministroak paperik gabekoak laguntzen dituzten elkarteak trabatu nahi dituela salatu du Cimadek

Antxeta Irratia 2024ko aza. 5a, 10:31

Frantziako Barne ministro berriak, Bruno Retailleauk, egindako deklarazioek kezka sortzen du paper gabeen egoera eta eskubideak are gehiago zailduko dituelako. Hendaiako erretentzio zentroan lan egiten duen Cimade elkarteari trabak ezarriko dizkiola iragarri du. Horren arabera, haien lana Estatuko Immigrazio eta Integrazio Bulegoak hartuko luke bere gain.

Cimade elkarteak laguntza administratibo eta juridikoa eskaintzen die paperik gabeko pertsonei Santiago zubiaren aldamenean, polizia komisaldegiaren atzean dagoen Hendaiako erretentzio zentroan. Interbentzioak ere egiten ditu, atzerritarrei harrera egin eta haiekin komunikatzeko intentzioarekin. Erretentzio ala atxikitze zentroak paperik ez duten pertsonak aterpetzea du helburu, haiek kanporatuak izan arte. Cimadek haien eskubideak bermatuak izan daitezen lan egiten du.

Hartara, irailan Frantziako Barne ministro kargua hartu berri duen Bruno Retailleauk egindako adierazpenak deitoratu ditu Maite Etxeberri Cimade-eko kideak eta erretentzio zentroko langileak. Izan ere, Cimade elkarteari trabak ezarriko dizkio Frantziako Estatuak. «Gure lana gaizki egiten dugula erran du ministroak, eta beraz, elkarteek ezingo dituzte interbentzioak egin erretentzio zentroetan, eta elkarteek egiten duten lana Estatuko Immigrazio eta Integrazio Bulegoak bere gain hartuko du», iragarri du Etxeberrik. 

Deklarazio horrek kezkak sortzen ditu paper gabeen egoera eta eskubideak are gehiago zailduko dituelako. «Dagoeneko lege aldaketak egin zituzten, eta ez dakit zertan okertu dezaketen dagoeneko», dio Cimadeko kideak, «baina Le Pen gobernuan aurreikusten dutela diote, eta badirudi eskuin muturreko politikak sustatu nahi dituztela». Zentzu honetan, gaur egungo egoera gogorra bada, oraindik ere gogortuko denaren beldur da Cimade elkartea.

Politika migratorioen gogortzea

Oroitarazi beharra dago, legea aldatu zutenetik, gehienez ere 45 eguneko atxiloaldia 90 egunera arte luza dezaketela erretentzio zentroetan. Eta gaur egun 24 egunekoa bada batez bestekoa, datu hau bikoiztu egin da azken hamarkadan. Zentzu honetan, 2024ko urtarrilaren 26ko Inmigrazio Legearen erreformak erretentzio zentroen baliabideak emendatzea aurreikusten du Frantziako Gobernuak, eta honek egoera okertu dezakeela aurreikusten dute.  

Hendaiako erretentzio zentro administratiboari buruzko 2024ko datuen balorazioaren esperoan, 2023ko bilana du Cimadek kontuan hartzeko moduko azken datua. Paperik gabeko pertsonak atxilotu eta, frantses estatutik kanporatuak izan ala ez deliberatzeko epailearen aurretik pasa bitartean, hauek atxikitzeko halako 25 zentro daude estatu mailan. Eta Cimade elkarteak dio «Frantzia txapelduna dela kanporatze materian». Izan ere, 2023an 46.955 pertsona giltzapetu zituzten, horietatik 3.349 adin txikikoak. «Europaren bihotzean giza eskubideak suspendituak daude, eta asilo eskaerak epaileen esku geratzen dira», salatu du Cimadek.

Hendaiako komisaldegiaren gibelean dagoen erretentzio zentroari dagokionez, 351 pertsona atxilotu zituzten 2023an, denak gizonak, 2022an 261 izan ziren bitartean. Eta atxilotze epeak ere emendatzen doaz urtetik-urtera. Maite Etxeberri, Cimadeko kideak argitu duenez, «kasuen %55ean askatuak izan badira ere, kanporatuak izan gabe, atxiloketen atzean politika arrazistak daude». Izan ere, beltza ala magrebiarra izanagatik gelditu ohi dituzte tren geltokian poliziek eta atxilo eraman. Hendaian atxikitutakoen %70a baino gehiago magrebiarrak izan dira aurten. Cimadek jakinarazi duenez, gehienak Aljeria, Maroko eta Tunisiako jatorrizkoak dira.