Hondarribia-Irun autobusentzako errail propioa eskatuko dio EH Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundiari

Antxeta Irratia 2024ko aza. 5a, 13:05

Hondarribia-Irun arteko autobus zerbitzua azkartzeko errail propioa ezartzeko aurreproiektua lantzeko eskatuko du EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietako hurrengo saioan. Maiz kolapsatua egoten den errepidea Aldundiaren ardurapekoa izanik, udalekin elkarlanean, baina aurreproiektua eta baliabide teknikoak Aldundiak bere gain har ditzala eskatu du Garoa Lekuona batzarkideak.

EH Bilduk Hondarribia eta Irun arteko garraio publikoa hobeto antolatzeko eskatuko dio Gipukoako Foru Aldundiari. Irungo RENFE eta Euskotren geltokiekin lotura eraginkor eta azkar bidez elkartzeko beharra aldarrikatu du Garoa Lekuona batzarkideak. Esan eta egin, Gipuzkoako Batzar Nagusietako hurrengo osoko bilkuran, Aldundiaren ardurapekoa den errepide honen gaineko lanketa egiteko eskatuko baitu koalizio abertzaleak.

Lekuonak argitu duenez, «ibilgailu pribatuek kolapsatutako bideetatik aurrera egin behar du gaur egun, beraz, autobusek zerbitzu efizienteagoa eta azkarragoa emateko errail propioa behar du». Helburu jakin horrekin, GI-638 errepideko mugikortasuna hobetzeko aurreproiektua eskaera aurkeztuko du Batzar Nagusietan. Zehaztu duenez, Irungo eta Hondarribiko udalekin elkarlanean egin beharreko zerbait da, aurreproiektuaren kostu ekonomikoa eta baliabide teknikoak Aldundiak bere gain hartzea proposatzen du. Ondoren, autobus lanzadera bat edo zerbitzua zertan hobetu daitekeen aztertu beharko litzateke.