Aireportuko errepidean autobus erreia ezartzeko proposamena onartu dute Batzar Nagusietan

Antxeta Irratia 2024ko aza. 6a, 14:03

Hondarribia Irungo Euskotren eta Renfe tren geltokiekin autobusez azkarrago lotzeko EH Bilduk egindako proposamena onartu egin dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Horretarako, aireportuko errepidean (GI-638) autobusentzako erreia propioa ezartzeko aurreproiektua idazteko konpromisoa hartu du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Gipuzkoako Batzar Nagusiko gaurko saioa isilune batekin hasi da ezinbestean. «Valentzia, Andaluzia eta Gaztela-Mantxako herritarren negarra eta atsekabea DANA uholdeak ekarri dien heriotza eta hondamendia» aintzat hartu dute batzarkideek adierazpen instituzional batekin, eta uholdeen biktimekiko elkartasuna helarazteaz gain, «antolatuta dauden erakunde eta elkarteen bidez gipuzkoarrak erantzuten ari direla» azpimarratu dute. Gainerakoan, gaur Bidasotarren intereseko bi proposamen onartu dituzte.

Autobus errail propioa GI-638 errepidean

Aho batez onartu dute Gipuzkoako 50 batzarkideek Hondarribia Irungo Euskotren eta Renfeko geltokiekin lotzeko garraio publikoaren hobekuntza aztertzeko EH Bilduk eskatutako aurreproiektua. Garoa Lekuona batzarkideak aste honetan iragarri zuen bezala, GI-638 errepidea maiz kolapsatua egon ohi da, eta horrek eragin nabarmena du Irun-Hondarribia autobus zerbitzuetan.

Onartutakoaren arabera, garraio publiko eraginkor eta azkar baten bidez Hondarribia Irungo bi tren geltokiekin lotura azkar bat lortzeko helburuarekin, aireportuko errepidean autobusentzako erreia propio bat ezartzeko azterketa egingo du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Aurreproiektua eta baliabide teknikoak Aldundiak hartuko ditu bere gain.

Aireportua sustatzeko eskaera

Bestalde, EAJ, PSE eta PP alderdiek aurkeztuta, Ortzibia sozietate publikoaren laguntza bila dezala galdegin diote Gipuzkoako Foru Aldundiari, Hondarribiko aireportuaren sustapenean sakontzeko. Emendakina onartu egin da EH Bilduren abstentzioarekin eta Elkarrekin Podemoseko batzarkideen ezezko botuekin. Horren arabera, Donostia eta Madril arteko ibilbidean beste konpainia batzuk lehiatzeko aukera bultzatuko du Aldundiak, eta era berean, urte osoan zehar bidaiariak bermatuko dituzten ibilbide berriei lehentasuna emango die.