Bidasoan hildako migranteak omenduko dituzte igandean Santiago Zubiko oroigarrian

Antxeta Irratia 2024ko aza. 15a, 14:29

Korapilatuz kolektiboak antolatutako ekimena Irungo skate parkearen aldamenean dagoen oroitarrian egingo dute igandean 12:00etan. Hainbat migratzaileen eta haien harrerarako kolektibok eta FIVASCO islamiar federazioak bat egin dute «errealitate lazgarri honen aurrean isiltasun konplizea hausteko» deialdiarekin. 

Azken urteetan frantses poliziak ezarritako Bidasoa ibaiaren gaineko muga zeharkatzeko ahaleginetan hildako 10 migranteen omenez, hainbat sinesmen eta fede erlijiosoei lotutako eragileek deituriko omenaldia antolatu dute igandean Irunen. Bidasoan etorkizun duin baterako bidean hildako migranteei omeanaldia egingo zaie igande eguerdian (12:00etan) Irungo Santiago Zubian dagoen skate parke aldameneko oroigarrian. Korapilatuz kolektiboak koordinatuta, Eskubidedun Migratzaileak eta Euskal Herriko Islamiar Federakundeak (FIVASCO) elkarteek antolatu dute, eta aurten hirugarren aldia da haien aldarrikapenak lau haizetara zabaltzeko indarrak batzen dituztela. 

2022ko azaroan ere halako omenaldia antolatu zuten, eta  Euskal Herri mailako erakundeek deitu dute omenaldia. Eta hartan, Caritas Gipuzkoa edota Errenteria zein Donostiako mezkitek ere bat egin zuten ekimenarekin. 

Omenaldia Irungo skate parkearen ondoan dagoen hildako migranteen oroigarrian egingo dute. 

Oraingo honetan, omenaldiaren antolatzaileek oroitarazi dutenez, Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen datuen arabera, Europar Batasunaren hegoaldeko muga herrietan 1.541 pertsona hil edo desagertu dira 2024ko lehen sei hilekoan. Zentzu honetan, muga fisikoez gain, Europara iristea lortzen duten errefuxiatuek sufritzen dituzten muga ikusezinak salatu nahi ditu Korapilatuz kolektiboak. Hala nola, legezko muga, urte luzez bizileku zein lanerako baimena eskuratzea eragozten diena; edota gizarte-diskriminazioa, etxebizitza duin bat izateko eta, oro har, pertsona horiek gizarteratzeko eskubide zein baldintzak oztopatzen dituena.

Harrerarako elkarteen sareak migrazioaren atzean behar ekonomikoak, natura suntsitzearen ondorioak, gerrak edota jazarpen politikoak daudela gogoratzen du, eta gaur egun Palestina, Ukrainia, Sudan eta Libano kolpatzen dituzten gerrak bezala, migratzera behartuak dauden milaka pertsona gogoan hartu nahi dituzte.  

Iragarri dutenez, igandeko omenaldian, antolatzaileek manifestua irakurriko dute eta gurean bizi diren hainbat errefuxiatuk hartuko dute hitza, haien esperientziaren testigantza emateko. Bestalde, Amets Arzallus bertsolariak ere hartuko du parte. Herritar guztiak gonbidatuta daude elkarretaratzera, errealitate lazgarri honen aurrean isiltasun konplizea hausteko deialdia eginez.