Bidasoaldeko ordezkaritza zabala lehiatu da joan den asteburuan Santiponcen (Sevilla) ospatu den Italicako XLII. Nazioarteko Krosean. Kluben arteko Espainiako LIX. Txapelketa jokatu da bertan, eta Bidasoa Atletiko Taldearen (BAT) partaidetza historikoa izan da, klubak bost talde ordezkari izan baititu txapelketa ospetsu honetan. Kros nazionaleko txapelketarik garrantzitsuena da klub mailan, eta BATek kros sekzioaren maila handia islatu zuen, orotara klub bidasotarraren 28 korrikalarik hartu zuten parte eta bost talde aritu zirelarik 20, 18 eta 16 urtez azpiko kategorietan, neska zein mutiletan. Gizonezkoen kategoria absolutuan, gainera, Adrian Eronimedes BATeko ordezkariak parte hartu zuen 175. postuan sailkatuz.
Aldiz, ezustekoa beste irundar batek eman zuen Italican. BATeko harrobikoa jatorriz, Miren Martin Aramburu irundarrak (25 urte) Sprint Atletismo Leon klubean ari da gaur egun, eta Espainiako Klub Kros Errelebo kategoria absolutoan brontzezko domina eskuratu zuen azken lekukoa bosgarren postuan hartuta, eta bere txandan bi postu aurreratuz. Lekukoa hartu bezain pronto hartu zion aurrea laugarren sailkatuari, eta hirugarrenari 14 segunduko aldea berreskuratu zion bitartean, 24 segunduko aldea jan zion bigarren sailkatuari zirkuitoari itzulian, baina helmugan podiumera igotzea lortu zuen arren, zilarra segundu bakarrera geratu zitzaion irundarrari.
Miren Martinek Antxeta Irratiko Kiroletik saioan azaldu duenez, «brontzea pozik egoteko modukoa da, baina pena izan da, bigarren postuak Europako Kros Txapelketarako sailkapena ematen zuelako». Hala ere, aurreko bi urteetan lortutako seigarren eta bosgarren postuak hobetu ditu Sprint Leoneko korrikalari irundarrak taldekako proba honetan. Aurten Italica eta Soriako Nazioarteko Krosak besterik ez ditu korritu, eta ez du urtarrilan ospatuko den Euskadiko Kros Txapelketan parte hartzea baztertzen. Baina 1.500 metroko probarako prestakuntza gisa hartzen du kros sasoia, eta pista estaliko denboraldia prestatzen hasiko da orain, esan digunez bere markak hobetu eta azken urteetan bezala, Espainiako Txapelketa Absolutoan lehiatzeko helburuarekin.
Bidasoa Atletiko Taldearen espedizioa
Bien bitartean, BATeko gazteen bost taldeek merezimendu handiko lasterketak osatu zituzten Santiponcen. 20 urtez azpiko gizonezkoen taldeak 180 puntu eskuratu zituen, eta Ander Aramendi izan zen taldeko lehena helmugan 9. postu bikain batekin. Mikel Aramendik 21. postuan bukatu zuten bitartean, Iker Ibarguren (55. postua), Martin Coria (95. postua), Adur Ugartemendia (118. sailkatua) eta 153. postua egin zuen Julen Casadok osatu zuten taldea.
18 urtez azpiko gizonezkoetan, aldiz, mutilek 14. postua lortu zuten 283 punturekin, Lukas Cabezón (26.a) eta Julen Mendoza (36.a) buru zituztela. Haien atzetik Ioritz Intxaurrandieta (87. postua), Hugo Vazquez (134) eta Alai Cabello (155garrena). 18 urtez azpiko emakumeen kasuan ere, 14. postua lortu zuten 286 punturekin. Izaskun Sanz izan zen BATeko lehena 50. postuan, Irune Mateo 60. postuan, Irati Erro (73.) eta 103. postuan Maria Bauza.
16 urtez azpikoetan mutilek 18. postua lortu zuten taldeka 319 punturekin, eta neskek 469 puntu lortu zituzten 25. postuan amaitzeko. Gizonezkoen maila gazteenean, Urko Ibarguen eta Unai Gonzalez 25. eta 26. postuekin nabarmendu ziren, segundo bakar batez bereizita. Talde hontako gainerako partaideak hauek izan ziren: 133. Gorka Garcia, 135º Jon Porta, 158º Jon Pérez eta 170º Jon Casado. Nesketan, aldiz, Naia Piquerrek bere 78. postuarekin gidatu zuen taldea. Eta haren atzetik honakoak: 109º Izaro Duran, 124. Eider Aramburu, 158º Paula Crespo, 185º Iratxe Cambón.