Datorren astelehenean, azaroak 25, Emakumearen Aurkako Indarkeria Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak bat egin du Emakundek abian jarritako "Indarkeria matxista ukatzea haren alde egitea da" lelopeko kanpainarekin. Lurraldebusen bitartez babestu eta indartuko du kanpaina. Izan ere, asteazken honetatik aurrera, autobusetako pantailetan sentsibilizazio-bideoak emitituko dituzte linea guztietan, eta geltokietako informazio-paneletan ere erakutsiko dituzte. Gainera, ibilgailuek Emakundek oraingo honetarako diseinatu dituen kartelak eramango dituzte, kanpainari ahal bezain bat ikusgarritasunik handiena emateko.
Arloko diputatu Azahara Dominguezek argitu duenez, «uste dugu oso garrantzitsua dela herritar guztiak inplikatzea, gure autobusak indarkeria matxistarik gabeko gune bihur daitezen». Ildo horretan, gogorarazi du bere departamentua Lurraldebusen eraso matxisten aurkako lehen protokoloa prestatzen ari dela. Lan hori autobusen erabiltzaileen eta langileen kolektiboekin egiten ari da, eta udalek, erakunde feministek eta indar polizialek ere euren ekarpenak egiten ari direla. Protokolo hori, ikuspegi integral batetik osatzen ari direla azaldu du Dominguezek, «autobusen barruan zerbitzua emateaz gain, geltokietako eta haien sarbideetako segurtasuna ere kontuan hartuta».
Lurraldebuseko langileekin eta kolektibo feministekin bilera
Hain zuzen ere, protokolo horren lanketan aurrera egiteko helburuarekin, Azahara Dominguez diputatuak Lurraldebuseko gidariekin eta Haurralde GKEko ordezkariekin bildu da, eta emakumeek garraio publikoa erabiltzen dutenean dituzten eguneroko egoerak eta horiei aurre egiteko tresna egokienak zeintzuk izan daitezkeen aztertu dituzte. «Gipuzkoan gero eta erabiltzaile gehiago ditugu garraio publikoan, eta, horregatik, inoiz baino beharrezkoagoa da gure autobusak emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko guneak direla bermatzea», aldarrikatu du Mugikortasunerako diputatuak.
Helburua lortzeko gizarte osoa inplikatu beharra badago ere, Lurraldebuseko langileei beharrezkoak dituzten tresnak eman behar dizkietela aitortu du Dominguezek, beren eginkizunak segurtasun osoz bete ahal izateko. Baina aldi berean, autobusetan gerta daitezkeen indarkeria matxisten kasuei erantzuteko ere.