Turismo Plan berriak bisitariak erakarri nahi ditu urte osoan, baina era jasangarrian

Antxeta Irratia 2024ko aza. 21a, 10:25

2024-2030 urtealdirako Turismoa Kudeatzeko Plana eguneratu egin du Bidasoa Bizirik erakundeak, turismoaren sektorea Garapen Iraunkorreko Helburuekin lerrokatuz. Garraio publikoa indartuz, sektorea «inklusiboa, arduratsua eta lehiakorragoa» nahi dute, eta turismoa desestazionalizatu, ondare, kultura eta natura eskaintza indartuz, eta MICE enpresa eta kongresuetako sektorean ere indar bat eginez, Ficoba erreferente hartuta. 

2020-2025 urtealdirako Turismoa Dinamizatzeko Planari jarraipena emanez, eta bertan finkatutako helburu nagusiak baztertu gabe, 2024-2030 aldirako Turismoa Kudeatzeko Plana eguneratu berri du Bidasoa Bizirikek. Hondarribia eta Irunera bisitari gehiago modu jasangarrian erakartzeko xedearekin, Helmuga Turistiko Adimendunaren eredua bultzatu nahi dute. Zentzu honetan, turismo eredu jasangarrian eta digitalean «erreferente» bilakatu nahi du plan honek eskualdea.

Nuria Alzaga, Bidasoa Bizirikeko presidentak argitu duenez, «turismo-esperientzia hobetzeko teknologia aurreratuen erabilera handitu eta kultura-nortasuna eta tokiko ondarea indartu behar da». Eta horri esker, Gipuzkoako Foru Aldundiak finkatu duen «turismoa desestazionalizatzeko» helburua garatu nahi dute Bidasoaldean. 2020az geroztik pandemia ondoko planarekin hasi ziren iada, bisitari perfil desberdinak lantzen ikuspegi horrekin. Eta Estitxu Urtizberea garapen agentziako presidentaordeak gogoratu duenez, «hotelen okupazioa eta gastu turistikoak gorakadan daude, eta ekimen berriak garatzeko aukera ematen dute». Turismo sasoi nagusietatik haratago, eskualdea estrategikoki kokatzea dute helburu, bisitariak urte osoan erakarri ahal izateko. 2022an iada, MICE izeneko enpresa eta kongresuetako bisitarien sektorea indartzeko erabakia hartu zuten, bereziki FICOBA erreferente hartuta.

Orain, eguneraketa iraunkortasun, berrikuntza eta digitalizazioa sustatuz prestatu dute, Turismoko Estatu Idazkaritza eta SEGITTURek bultzatutako DTI estrategian garrantzitsuak baitira hiru printzipio hauek. Plan honen bidez turismo «inklusiboa, arduratsua eta lehiakorra» indartu nahi dute, bisitarien esperientzia eta bertako biztanleen bizi kalitatea uztartuz. 

Horiek hala, 2024tik 2030 arteko planak lau ardatz nagusi izango ditu. Turismoaren gobernantzari dagokionez, eragile publiko eta pribatuen arteko koordinazioa indartuko dute mahai sektorialak sortuz. Azpiegitura eta mugikortasun irisgarria lehenetsiko da seinaleztapenean. Garraio publikoa sustatuz, mugikortasun iraunkor eta irisgarria hobetuko dute, Irun eta Hondarribiaren arteko lotura indartuz eta ingurune inklusiboa ziurtatzeko. Bestalde, hirugarren ardatza lehiakortasun eta digitalizazioari dagokionez, turismo sektorea digitalizatu, MICE turismoaren sustatu eta eskualdeko kultura eta natura-ondarea baloratzeko lan egingo dute.

Zentzu horretan, Irun Berdea edota Irungo erromatar ondareak eta terma erromatarrek suposatuko duten erreklamua aprobetxatzeko, Irungo Udala 2022an bat egin zuen Madrilgo FITUR azokatik eratorritako “Destino Romano” sarearekin. Azkenik, komunikazioa sustatzeko online eta offline presentziari indarra emango diote, bi hiriak helmuga “iraunkor eta erakargarri” bilakatzeko, publiko ugariri zuzendutako kanpaina zehatzak prestatuko dituzte horretarako.