"Atlantic Resolve" operazio militarrak bidasotarren harridura sortu du egunotan

Antxeta Irratia 2024ko aza. 22a, 10:21

Aste honetan gutxienez 32 tanke amerikarrek trebeskatu dute Bidasoa eskualdea kamioietan garraiaturik. Frantziako Armadako ministerioaren arabera, Estatu Batuek urtero egiten duten Atlantic Resolve operazioaren baitan kokatzen da operazioa, indar militarren ohiko errelebo mugimenduari lotuta. Abrams eta Bradley modeloko tankeak ez ezik, kamioi militarrak ere ikusi ahal izan dira egunotan Europako base militar desberdinetarako bidean.

Harridura sortu du egunotan Bidasoaldea zeharkatu duten ibilgailu militarren mugimenduak. Joan den astean Espainiako Gobernuak Ukrainako gerlan laguntzeko hitz emanak zituen 8 Armadillo ibilgailu blindatuak ikusi ahal izan ziren, eta Irundik Hendaiarako bidea segurtatzeko Guradia Zibila eta Frantziako Gendarmeriak trafikoa moztu zuen.

Ostegunean 20 Bradley tanke amerikarrek Santiago Zubia eta Behobiko errepidea okupatu zuten luzez.

Aldiz, aste honetan Estatu Batuetako bi konboi izan dira. Azaroaren 20ean eguerdian trafiko mozketa nabarmenak eragin zituen dozena bat kamioik garraiatzen zituzten Abrams tankeen mugimenduak. Eta azaroaren 21ean, aldiz, Bradley modeloko 20 tankek trebeskatu zuten Bidasoaldea, baita hainbat kamioi militarrek ere. Kasu honetan, Santiago Zubian luzaz geldirik egon ziren, frantses poliziak ez zuelako azken mugimendu honen berririk tenorez ukan.

Frantziako Armadako ministerioaren iturrien arabera, Atlantic Resolve operazioaren baitan ematen dira mugimendu hauek. Beraz, ez litzateke Ukrainako gerlari lotutakoak. Bistan denez, Estatu Batuek Europako herrialdeekin duen hitzarmen bilateralaren barruan kokatzen da operazioa, eta urtero egin ohi dituzten indar militarren erreleboari dagokio egunotako mugimendua.