Mugaz gaindiko langileentzat eta enpresentzat bigarren informazio eguna dute gaur Hendaiako Intzura industrigunean bere egoitza duen Euroeskualdearen bulegoetan. Akitania Berria, Euskadi eta Nafarroa partaide dituen mugaz gaindiko erakunde honek, mugaren bi aldeetako administrazio publikoen gabeziak estaltzen, eta herritarren eguneroko beharrak asetzen lanean ari da arlo debserdinetan. Eta urtero bertan antolatzen duten informazio jardunaldien xedea bi lurraldeen arteko zerga, gizarte-segurantza, langabezia, osasun zerbitzu, enplegu edota jubilazio eta erretiro pentsioei buruzko eskubide eta betebeharren inguruan sortzen diren zalantzak argitzea da. Aurtengoan 200 partikularrek eskatu dute hitzordua norbere zalantzak argitzeko * behean zehazten ditugun erakundeek ezarritako behin-behineko bulegoetan.
Izan ere, Bidasoa-Txingudi bailaran 4.000tik gora langile daude mugazgaindiko estatusa dutenak. Eta haien galderak erantzuteko Frantzia, Espainia, Gipuzkoa eta Nafarroako adminsitrazio desberdinetako ordezkariak bildu dira bi egunez, leku berean, herritarren esanetara. Haien artean, Lanbide erakundeko Irungo bulegoko zuzendaria, Josune Ausin. «Normalean mugaz gaindiko egoeran daudenek ez dakite nora jo galdetzera, eta administrazioak nahiko isolatuak gaudenez, lehioz lehio erotzen ditugu», aitortzen du, «horregatik garrantzitsua da lehio horiek guztiak egun eta leku berean eskura jarri ahal izatea, Euroeskualdeak antolatzen duen hau da ikusi dudan aukera bakarra».
Europar Batasunean bizi gara, eta hainbat arlotan gauzak amankomuntzen doazten arren, administrazioan oraindik asko dagoela egiteko pentsatzen du Ausinek. Egunerokoan mugaz gaindiko langileak topatzen ditu Irungo Lanbideren bulegoan, eta «hutsune handiak daudela ikusi dugu, ikasten goaz, baina ez dugu mugaz gaindiko formakuntza berezirik, eta Euskadin dauden 30 Lanbide bulego baino gehigoren artean, Irungoa berezia da». Geroz eta gehiago dira Ipar Euskal Herrian lan egiten duten enpresa eta langileak, eta aldrebes. Edota Bidasoaren alde batean bizi eta bestean lan egiten duten herritarrak. Eta beharrak handitzen doazten heinean, Lanbideko ordezkariak azaldu digunez, aurten Bidasoa Bizirik, Euroeskualdea, Lanbide eta France Travail erakundeek Europako dirulaguntza deialdi batean Mugaz gaindiko Enplegurako Bulego finko bat sortzeko proiektua aurkeztu dute.
Baina informazioa eskuratzeko leku fisiko batetik haratago doaz zailtasunak mugaz gaindi. «Europan gauden arren, arautegietan, fiskalitatean edota langileen titulazioetan, administrazioen arteko mugak handiak dira oraindik», argitzen du, oinarrizkoenean ere egokitu gabe daudela azpimarratuz, «harrigarria da, baina Hendaian bizi eta Irunen lan egiten duen pertsona bat langabezia geratzen den momentuan, Lanbideko ordenagailuen fitxak ez du Hendaiako 64700 posta kodea sartzen uzten, adibidez». Hortik hasita, mugaz gaindikoen kezka, zalantza eta egoera posibleen kasuistika zabalda da. Adierazi ohi dituzten zalantzak bezain anitza.
Europan gauden arren, arautegietan, fiskalitatean edota langileen titulazioetan, administrazioen arteko mugak handiak dira oraindik. «Hizkuntza muga da, baina oztopo handiagoa dago araudiekin topatzen garenean, formakuntza tituluak homologatzea da gure amets gaiztoa, adibidez, Frantziako zaintza ziurtagiria lortu duenak, ezin du Hegoaldean horrekin lan egin, edo Euskadin Erdi Mailako Ziklo bat ikasi duenari ez dio balio Iparraldean ez dagoelako errekonozitua» azaldu digu Josune Ausinek. Unibertsitate ikasketekin ez dago hainbesteko arazorik, baina hortik behera denak dira zailtasunak. Eta administrazioko langileei sortzen zaizkion zalantzak handiak badira, herritarrek dituzten galderak ere oinarrizkoak izan ohi dira. «Langabezian geratu ondoren ez dakite SEPEk ala France Travailek ordaindu behar dien, baina orokorrean bizi zaren lekuko erakundeak ordaindu behar dizu langabezia, eta askok ez dakite Hendaian bizi direnek Lanbideko lan eskaintzetara aurkeztu daitezkeela», dio.
*Enplegua eta langabezi prestazioei buruz France Travail, Espainiako Sepe, Euskadiko Lanbide eta Nafarroako SNE zerbitzuko ordezkariek parte hartu dute. Osasun zerbitzuei buruz Frantziako Amelie, CPAM eta Espainiako INSS; Gizarte familia laguntzei buruzko Frantziako CAF, Espainiako INSS, Lanbide eta Nafarroako Gizarte Eskubideen Saila; Lan ikuskaritzako Frantziako URSSAF eta CPAM, eta Espainiako TGSS erakundeak; zerga eta inpostuei buruz gauzak argitzeko Frantziako DGFIP, Espainiako Agencia Tributaria eta Nafarroa zein Gipuzkoako Foru Ogasun erakundeak; edota erretiro-pentsioen arloko La Assurance Retraite, Carsat Aquitaine eta Espainiako Seguridad Social erakundeak.