Eraso sexistak gelditzeko eskatuz, “Nazkatuta gaude, ez gaude bakarrik, bat ukitzen baduzu denak aurrean izango gaituzu” mezua ozen plazaratu zuten Bidasoaldeko elkarte feminista desberdinetako ordezkari eta herritarrek. Eta goizeko elkarretaratze instituzionaletatik haratago, Irungo ekitaldian Cristina Laborda alkateak M8 Asanblada Feminista Bidasoaren deialdia babestu zuen aurreneko aldiz, talde politiko guztietako udal ordezkaritza zabala izan zelarik bertan.
Aurreko urteetan bezala, aurten espainiar Estatuan eraildako emakumeen izenak gogoan hartu zituzten ekitaldian, parte hartzaileen eskuetan lore bati lotutako kartulina banarekin. Eta Irungo Zabaltza plazako kioskoan hainbat emakumek Sastraka Gaztetxeak euskaratutako Cancion sin miedo abestia egokitu, eta Nagore Laffagen izena txertatuta abestu zuten M8 asanbladako hainbat emakumek. Gainerako biktima guztiak omendu nahian ere, baina Asun Casasola bertan zegoela oso aintzat hartuta, Irunen Nagore beti gogoan daukatelarik.
Ondoren, bortizkeria matxistaren biktimen sufrimendua irudikatu zuen performantzia egin zuten plazan. Mundua geldiarazten duen erailketa bakoitzaren oihartzuna eta egun batzuen ondoren gizartean errotuta dagoen errutinaren isiltasunak indarkeria matxista normalizatzen duela salatu nahi izan zuten. Beren bikotekideek akatutako bost emakumeen izenak eta erasoaren kontakizunarekin batera, eraildako bost emakume lurrean etzanda irudikatu zituzten, baita gainerako emakumeen babesa ere, "bat ukitzen baduzu denak aurrean izango gaituzu" lelopean.
Errealitate gordina
M8 Asanbladak oroitarazi duenez, emakumeen kontrako erasoak, abusoak eta irainak etengabea dira, orohar gizarte heteropatriarkal honetan, baina baita gure eskualdean ere. Zentzu honetan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren azken datuekin kezkaturik azaldu dira ordezkari feministak. Irungo ertzain etxean aurten (iraila arte) 277 salaketa jaso dituzte indarkeria matxista eta sexu erasoei lotutakoak. Segurtasun Sailak emandako datuen arabera, horietatik bikote ala bikote ohien partetik emandako bortizkeria kasuak dira kopuruetan ugarienak. Izan ere, Irunen halako 175 erasoen berri jaso dute salaketa bidez, (2023an baino %4,49 gehiago), eta beste 36 familia barruko erasoen kasuan, iaz baino bi gutxiago. Hondarribian, aldiz, halako 29 eraso izan dira guztira. Asko izanda ere, iazko 36 erasoekin alderatuta hobekuntza txiki bat eman delarik.
Hala ere, Irunen %78 batean emendatu dira askatasun sexualaren kontrako erasoak, 2023an 19 eraso jaso zituzten bitartean, aurten dagoeneko 34 izan baitira komisaldegian aurkeztutako salaketak. Eta Hondarribian, iazko sei erasoen ondotik, joan den iraila arte, momentuz, halako 3 eraso eman dira.
Era berean, Segurtasun Sailaren iturrien arabera, Irungo Ertzain etxean epailearen aginduz babestuta dauden 247 emakume daude Irun-Hondarribian. Bertako emakume guztien %0,62a suposatzen du (39.817 emakume dira bi udalerrien artean).