Utziko dieguna hobeto zainduko duten 4.868 ikaslek hartu zuten parte iaz Txinzerreko ingurumen tailerretan

Koldo Nausia 2024ko aza. 26a, 14:23

Txingudiko Zerbitzuek bidasotarron hondakinak eta ur zikin eta garbiak kudeatzen dituzte. Baina klima aldaketaren kontrako borrokan, belaunaldi berriak hezitzeko lana hartzen du ere. Eskualdeko ikastetxeekin lankidetzan, iaz 4.868 ikaslek hartu zuten parte eskainitako tailerretan, aurrekoan baino %43,3 gehiagok. Pio Baroja Institutuan aurkeztu berri dituzte aurtengo bi berrikuntzak. 

Adin guztien jakintza eta gaitasunei egokitutako ingurumen hezkuntza proposamenak egiten ditu Txingudiko Zerbitzuak urtero. Ateak zabalik ditu beti (txinzer.eus) interesa duen ikastetxe ororentzako. Eta urtetik urtera geroz eta ikasle gehiago dira, Agenda 2030 aitzakipean, arazo globala den klima aldaketa arintzeko norbere txokotik egin dezakeenaz hausnartzen dutenak. Iaz %43,3 ikasle gehiago izan dira Irunen eta Hondarribian, 4.868 guztira, norbere kontsumo ohiturak eta karbono arrastoari buruz ikasi dutenak. Urari, hondakinen kudeaketari, hiri-garbiketari eta energiaren kontsumoei buruzko ohiko tailerrak eskaintzen jarraituko dutela nabarmendu du Leire Zubitur, Txinzerreko kudeatzaileak. Baita Elordi eta Atalerrekako instalazioetara bisitak antolatzen ere, uraren ziklo integrala ulertzeko. Edota zenbait ikastetxetan aspalditik garatzen duten Zisare bezalako konpostaje programa, besteak beste. «Eskualdeko hezkuntza zentro guztietara iristeko eta etorkizuneko belaunaldiei mundu jasangarriago bat zaintzeko prestakuntza garrantzitsua dela uste dugu», argitu du Zubiturrek.

Pio Barojako ikasleak Txinzerrek egokitu duen Scape Hall Digitalarekin trebatzen. 

Nazio Batuek sustatutako Garapen Jansagarriko Helburuekin lerrokatutako ingurumen hezkuntza tailerretan eskarmentu handia dute, baina urtetik urtera berrikuntzak ere aurkezten dituzte. Eta aurtengoak Irungo Pio Baroja Institutuan martxan jarri eta aurkeztu berri dituzte. Bi dira berrikuntzak. Batetik hurrengo urteetako tailerren irudia bilakatuko den pertsonai baten diseinua erabakitzeko Marrazki Lehiaketa. Abenduaren 20a arte ikasleek euren proposamena aurkez dezakete. Eta bestetik, klima aldaketaren arazoari buruz hausnartzera eta neurriak hartzera gonbidatzen dituen Scape Hall Digitala.

Pertsona funtzional eta konpetenteak sortzen

Irungo batxilergoko ikasle guztiak batzen ditu Pio Baroja zentroak (700 ikasle inguru), eta talde txikietan ari dira egunotan aipatutako tailer Scape Hall horretan trebatzen. 2030 Agendaren helburuak ere lantzen dituztela azpimarratu digu Beñat Sarasola irakasleak. Ikastetxeetan ikuspegi akademikoaz harago, gizartearentzat baliagarriak diren pertsona funtzionalak ere hezitzen dituztelako, eta ingurumenaren zaintzan eta gure kontsumoetan ere, «pentsamendu kritikoa» integratzen dute. Sarasolak azaldu duenez, ikasleek bi urte ematen dituzte Pio Barojan besterik ez, baina gero «mundura jauzia ematen dute, eta nahi dugu konpetenteak izan daitezen arlo askotan, eta gai transbertsal asko lantzen ditugu». Horietariko bat da ingurumena. Arazo kolektiboa bada ere, irakaslearen arabera «hausnarketa pertsonala ezinbestekoa da, gizartera salto egingo dutenean kontzienteak izan daitezen beraiek direla etorkizuna, eta beraiek zaindu beharko dutela guk uzten diegun hori». 

Helburu horrekin lan egiten dute Txingudiko Zerbitzuetan. Etorkizuneko belaunaldiak hezitzen, eta LH, DBH eta Batxilergoko ikasleei egokitutako material pedagogikoa prestatzen. «Pio Barojara iristen direnerako ekologismoa eta ingurumena oso ongi landua dute, txiki txikitatik lantzen dutelako eskola gehienetan, baita ongi landu ere», dio Anto Lopez irakasleak. Pio Baroja Institutuko 2030 Agendaren arduraduna da hirugarren urtez, eta aitortzen du hala ere, 16-18 urtekoekin gaia lantzea konplexuagoa dela. «Adin konfliktiboa da, ez zentzu txarrean, batxillergoan azterketa bat dute finkatua helburu akademiko gisa, eta lehentasunak dituzte, eta motibatu behar zaie», dio irakasleak. Errazagoa izan daiteke Lehen Hezkuntzan gaia lantzea, baina argi du ekologismoan ekintza txikien bitartez gazteak inplikatu daitezkeela, eta azen urteetan proiektu politak osatu dituzte Pio Barojan.

Aurten elikadura osasungarria eta hondakinen sorreraren artean dagoen lotura landuko dute, eta motibazio fasean Txinzerren tailerrak eraginkorrak direla uste du Anton Lopezek. «Batzuetan pentsatu dezakegu hemen egiten den lanak ez duela ezertarako balio, ez dugulako fruiturik orain ikusten, baina hazia ereiten ari gara eta bere eragina badu epe luzean, ingurumen hezkuntza oso denbora inbertsio garrantzitsua da», aldarrikatzen du.