Gaintxurizketan oinezkoen segurtasuna hobetzeko lehen neurriak aurki

Antxeta Irratia 2024ko aza. 26a, 12:28

Joan den urriaren 9an "GI636 Hil Egiten Gaitu!"  lelopean izandako mobilizazioaren biharmaunean, Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartutakoa ofizialdu du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak. Gaintxurizketako GI-636 errepidean, oinezkoentzako behin-behineko aldamio egiturako pasabidea egitea, abiadura muga 70 kilometrora mugatzea eta seinalizazioa hobetzeko aurrekontua onartu du gobernu kontseiluak. Guztira 412.127 euro.

Aurten GI-636 errepidea, Gaintxurizketako puntu beltzean autoek harrapatuta bi oinezko hil direla aintzat hartuta, bide bazterretik ibili behar ez izateko neurriak hartzea onartu zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietan joan den urriaren 10eko saioan. Behin-behinekoak izango diren hainbat neurri onartu zituzten, orain Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernu kontseiluak diruz berretsi dituenak, 412.127 euroko aurrekontua onartuz. Gune segurua bilaka dadin proiektu definitiboan, aldiz, Lezoko Udala eta Euskotren Sarearekin batera, pasabide goratu bat eraikitzea aurreikusten dute, baita argiztapena, seinaleztapena eta autoen abiadura kontrolatzeko radar bat ezartzea ere. 

Momentuz, Gaintxurizketako GI-636 errepidean, oinezkoentzako behin-behineko aldamio egiturako pasabidea egitea, abiadura muga 70 kilometrora mugatzea eta seinalizazioa hobetzeko aurrekontua onartu du gobernu kontseiluak. Era berean, Irungo norantzan dauden bi bideetatik Perrene auzotik eta inguruan dauden enpresetetatik hurbilen denari 300 metro kenduko dizkiote, hormigoizko babes-hesiak jarriz oinezkoentzat izan dadin. Behin lanak esleitzen direnean, horiek egingo dituen enpresak lau hilabeteko epea izango du aldi baterako oinezkoen zubia egiteko.

Irune Berasaluze foru bozeramaileak argitu duenez, «konponbide zabalgo baten lehen urratsa, helburua delako azpiegitura iraunkor bat sortzea, bai bide segurtasuna, bai oinezkoena hobetuko dituena» da. Izan ere, behin betiko soluzioa Eusko Trenbide Sarearekin eta Lezoko Udalarekin garatzen ari dira.