Aroztegiko zazpi auzipetuen adierazpenei elkartasuna adierazteko, Lekarozko frontoian bildu ziren atzo ilunabarrean ehunka herritar. Fiskalak 56.000 euroko isuna eta 20 urteko kartzela zigorra eskatu die auzipetuei, 2021ean kanpaldi baten bidez Aroztegiko lanak gelditzeagatik. Zehazki, «talde kriminal antolatu bat izatea eta derrigortze eta bortxa delitu larriak» egotzi dizkiete, «auzitegiak obraren esleipena ilegala deklaratu bazuen ere».
Hau da zabaldutako prentsa-oharra:
"Aroztegikoa, urteetako herri oposizioak ezaugarritu du. Lekarozko herria xehatzera eta gure lurren bizkar aberastu nahi dutenen kontra egin den borroka da.
Berriz ere, garapenaren ipuina 228 familia bakarreko etxebizitza, golf zelaia eta luxuzko hotelaz beztitua, nola ez, iruzurra egiteagatik zigortuak izan diren enpresarien eskutik.
Baztanen, etxeen % 36 etxe hutsak edo bigarren etxebizitzak dira egun. Obra horrek bertze herri baten sorrera ekarriko luke, bere ondorio guziekin: Lekarozen dagoen uraren eskasia handitzea, zaborraren eta bertze zerbitzuen kudeaketa zailtzea, euskararen desagerpenaren azelerazioa, landa eremuaren suntsipena, jasanezina den turismoa, eta bertze.
Auzitegiak obraren esleipena ilegala deklaratu bazuen ere, 2021ean obrak hasi zituzten, legezko baimenik gabe. Inposizioaren aitzinean obrak gelditzea bertze aukerarik ez zen izan eta horregatik, Euskal Herriko herritarrei kanpaldia egitea eta makinen aitzinean gure gorputzak paratzea bertzerik ez zitzaigun gelditu. Beraien asmoa zangotrabatuz etxerat igorri genituen.
Beti bezala errepresioa fite ailegatu zen. Segidan dozenaka herritarrek milaka euro isunetan ordaindu behar izan genuen. Baina ezin dutenez herri oso bat zigortu, fiskalak Baztango 7 herritarri zigor jasanezina eskatu digu, denera 56.000 euro eta 20 urteko kartzela zigorra. Talde kriminal antolatu bat izatea eta derrigortze eta bortxa delitu larriak leporatzen zaizkigu. Inposizioari desobedientziarekin erantzuteagatik etorri da zigor eskaera. Zigor eskaera honekin talde kriminal batek obra gelditu duela sinestarazi nahi dute. Horrela, herrien borrokei zilegitasuna kendu eta isilarazi nahi gaituzte.
Neurrigabeko zigor eskaera hauen aitzinean, elkartasun uholde ikaragarria abiatu da. Ondorioz, sosketa hori ez dugu auziperatuek jarri, Euskal Herri osotik norbanako eta kolektiboek erakutsitako konpromisoz jarri da, onartzen dugulakoz herritarrek dugula makinen aitzinean jarriz momentu batez obra gelditu. Horrela lurraren defentsa kolektiboa dela erakutsi dugu berriz ere, nahiz eta beraiek bertze istorio bat kontatu nahi diguten. Hortaz, eskerrik beroenak sosa ematen eta elkartasuna adierazteko lana hartu duzuen guztiei, baita dirulaguntza eman nahi baina ezin izan duzuen guziei ere.
Zigor eskaera hori testuinguru baten baitan ulertzen dugu, lurra eta landa eremuaren defentsaren kontrako testuinguruan. Kapitalismo zisheteropatriarkalak ez du onartzen aitzinean paratzen zaion deus ez inor, eta indar poliziala eta judiziala baliatzen ditu erantzunari aitzin egiteko. Gaitzetsi egiten ditu herri batzarrak, antolakuntza komunitarioa eta zuzeneko demokrazia, ez baitira beraien eskema hierarkiko eta zapaltzaileetan sartzen. Baztanen gertatutakoa Euskal Herriko errealitatearen bertze adibide bat bertzerik ez da."