Txingudi Ikastolaren aurreko platanondoak mozteko lanekin jarraituko dute asteburuan

Antxeta Irratia 2024ko aza. 28a, 12:04

Bide bazterreko 99 zuhaitzen altuera murrizteaz gain, 61 arbola kimatu eta 37 gehiago moztuko dituztela argitu du Hondarribiko Udalak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren arrisku azterketaren ondorioz «erabaki zail baten aurrean» zeudela, eta lanak baimentzeko berme guztiak kontrastatu dituela argitu du Udalak. GI-636 errepidean trafikoa semaforo bidez arautuko dute uneoro segurtasuna bermatzeko.

Asteburu honetan GI-636 errepide bazterreko zuhaitzen kimaketa eta mozketa lanekin jarraituko dutela iragarri du Hondarribiko Udalak. Txingudi Ikastolaren aurreko plataonondoak «elkarren artean hurbilegi landatu» zituzten bere garaian, eta horren ondorioz «platanondoak oso luze eta mehar hazi dira, horrek dakarren ezegonkortasunarekin eta arriskuekin». Hau kontuan hartuta, eta muturreko haizeteekin hauek erortzeaz gain, adarrak puskatu eta eskola eremuan zein errepidean sor dezaketen arriskua baloratu ondoren, Gipuzkoako Foru Aldundiak zuhaitzen kimaketa ez ezik, horietako zenbaitzuk moztea agindu dion Hondarribiko Udalari.

Zuhaitzen azterketa bat egin zuten 2022an horretarako, eta Hondarribiko Udalak, «erabaki zail baten aurrean» zegoela ikusirik, proposamen horiek beste iritziekin kontrastatu dituela argitu du, betiere zuhaitzekiko erabaki adeitsuena hartzen saiatzeko. Zehazki 37 zuhaitz moztuko dira, eta beste 61 arboletan inausketak egingo dituzte eskola eremua argitzeko. Era berean, 99 zuhaitzen luzera murrizteko lanak egitea aurreikusia dago. Pasa den larunbatean hasi zituzten lanak, eta haize bolada indartsuen ondorioz igandean bere horretan utzi behar izan zituzten. Baina aurreikusita zuten bezala, asteburu honetan jarraituko dute. Hori dela eta, GI-636 errepidearen trafikoa semaforo bidez arautuko dute uneoro

Hondarribiko Udalak oroitarazi duenez, aste honetan egin den moduan, mozketa eta inausketa lanetatik lortzen den egurra herritarren eskura jarriko dute Jaitzubia Elkartearen eremuan.