Osasuntsu zeuden ezkiak moztea ekidin zitekeela salatu du Artiako Lagunak taldeak

Koldo Nausia 2024ko abe. 2a, 11:38

Irungo Udalak F2 motako ISA zuhaitzen arrisku ebaluazio txostenean "zuhaitzaren arrisku balorazio altua" izendatuta zuen, baina egin beharreko kimaketa lanak ez bete izana «akats larria» dela deitoratu du talde ekologistak. Azaroaren 24an haizeak ezki bat bota ondoren, moztea erabaki dituzten beste hiru ezkien kasuan ere, «osasuntsu zeuden zuhaitzak moztea sahiestu» zitekeela uste dute, eta landaketa plan bat exijitzen dute.

Azaroaren 24an neurtutako 140 kilometro orduko haize ufaden ondorioz hainbat zuhaitz erori ziren Irunen. Sarjia parkean, Ibarlako bidegorrian... baina haien artean, ia bi egunez Juan Thalamas Labandibar errepide nagusiko trafikoa etetera behartu zuen Dario de Regoyos eta errepide honen arteko eremuan dauden ezkietako bat izan zen protagonista. Irungo Udalak inguruan zeuden beste hiru ezki gehiago moztea erabaki zuen ondoren, hauek ere erortzeko arriskua zegoela argudiatuz.  

Artiako Lagunak taldeak salatu duenez, 2020an mobilizazio sozialari esker eta udalbatzaren babesarekin salbatu zuten ezki-ilara ez du Udalak behar bezala mantendu urteotan. Hortaz, osasuntsu zeuden zuhaitz hauek moztea sahiestu zitekeela diote. Baita haizeak bota duen zuhaitza ere. «2020ean Doctor Arbolek egindako azterketa txostenak kimaketak egitea gomendatzen zuen, zuhaitz handiak izanik adar bolumen handia hartzen dutelako, eta haizearekin bela efektua egiten dutelako. Baina ez dituzte mantenimendu lanak egin», salatu du Antxeta Irratian Alazne Izulainek, Artiako Lagunak taldeko kideak.

Are gehiago, Udalak 2023ko abenduaren 17an egindako F2 motako ISA zuhaitzen arrisku ebaluazio txostenaren arabera, 18 metro altuerako zuhaitz honen kimaketa egin beharra zegoen %10 batean inausteko. Lanak urtebeteko epean egin behar zituzten "zuhaitzaren arrisku balorazio altua" izendatuta, eta 4tik 1 mailako lehentasuna emanez. Baina kimaketa lanak ez dira egin, eta «ekidin zitekeenez, akats bat egin dute» Artiako Lagunak taldearen aburuz.

Moztutako ezkiek sustraiak agerian zituztela argudiatu du Udalak, baina osasuntsu zeudela diote ekologistek. 

Edonola ere, une honetan Behobiatik Arenas Carrilloko eskaileretara 42 ezki daude, eta beste 48 gehiago ukitu gabe bertatik Azken Porturaino. Hauen kimaketa eta mantenu lanak egin behar direla gogoratzen du Izulainek. Eta osasuntsu zeuden moztutako zuhaitzak ordezkatu behar direla deritzo. «Zuhaitzak kentzen direnean, landaketa plan bat behar da, segidan landantu landatu eta landatu egin behar da», aldarrikatzen du. 

Bestalde, oraindik ere zutik jarraitzen duten 90 ezkiak bere horretan mantentzeko ohiko kimaketa lanetaz gain, neurri gehiago har daitezkeela uste du. Esaera zaharrak dio, arbolak balantza egiten duen aldera erori ohi dela. Eta hori kontuan hartuta, «zuhaitz hauek dauden eremua maldan egon beharrean, eremua betetzeko lanak egiteko proposamena» galdegin du talde ekologistak erantzunik jaso gabe. 

Errepide bazterreko zuhaitzak

Zuhaitzen kudeaketa politika orokorrak zalantzan jartzen ditu taldeak. Dirudienez, haizeak bota ohi dituen hiriguneko zuhaitzen artean, beti errepide bazterrekoak dira kezka sortzen duten bakarrak. Azaroaren 24an Ibarlan eroritako beste zuhaitz batek bidegorria bost egunez blokatu duen bitartean, errepidea berehala libratzeko lanak hartu ohi baitute lehentasuna agintarientzat. Eta bide bazterreko zuhaitzen kasuan, hartzen diren erabakiak zalantzan jartzen ditu Artiako Lagunak politika txikitzaileak direlakoan. 

Horren irudiko da haien ustetan, Hondarribiko Udalak Txingudi Ikastolaren aurrean, GI-636 errepide bazterrean, egunotan hasi dituen kimaketa lanak. Orotara 99 zuhaitz kimatuko dituzte haien altuera txikitzeko, baina Gipuzkoako Foru Aldundiaren aginduz 37 platanondo kenduko dituzte. «Gipuzkoan zerbait orokortua da, Europako direktibak oso argiak dira zuhaitz handien babesarekin, baina hemen ez dirudi aplikatzen denik», dio Izulainek, «birlandaketa plan bat gabe mozten dituzte, aintzat hartu gabe aldamenean ikastola bat dagoela, eta zuhaitz horiek zarata kentzeaz gain, autoen zenbat kutsadura xurgatzen duten».