Tenpestak Legarralden txikitutako negutegiak berritzeko diru bilketa kanpaina abian jarri dute

Antxeta Irratia 2024ko abe. 3a, 11:52

Azaroaren 24ko tenpestak suntsitu zituen Legarralde eremuko negutegiak ordezkatzeko diru bilketa herrikoia antolatu du Inter-Amap Pays Basquek. Biologikoan ari den Anne-Laure Cabrol laborari hendaiarrak laguntza aski jaso ezean, proiektua bertan behera utzi beharko duela iragarri du. HendaiaKoopen bitartez Urruña eta Hendaiako 40 familia elikatzen ditu proiektuak. 

Legarralde eremuan instalatua dagoen laborantxa ekologikoan ortuak eta lekaleak ekoizten dituen Anne-Laure Cabrol hendaiarra sustengatzeko kanpaina abian jarri du Inter-Amap Pays Basquek. Hendaiako herriko etxeak ere bat egin du, eta herritarrei euro batetik hasita laguntza ematera gonbidatu ditu antolatutakoa diru bilketa herrikoian. Izan ere, joan den azaroaren 24eko tenpestaren ondorioz haizeak bere ekoizpena segurtatzen duten bi negutegiak txikitu zituen. Jakinarazi dutenez, laborari hendaiarra hauen mailegua ordaintzen ari da oraindik, eta asurantza-etxeak ez ditu kalteak bere gain hartuko.
 
HendaiaKoop bitartez Urruña eta Hendaiako 40 familia elikatzen ditu baratze ekoizpen honek, eta negutegirik gabe bere AMAP proiektua utzi beharko du. Hau dela eta, Hendaian azken urteetan herriko etxeak laborantxa biologikora eta agroekologiara bideratutako lursailak jarrai dezan, Inter-Amap Pays Basquek crowdfounding bat jarri du martxan Anne-Laure laguntzeko. Lehen egunean 142 lagunek 7.873 euroko sustengua eman dute, baina laguntza onartua izan dadin, 20.000 eurotara iritsi beharko da. Aurretik 59 egun geratzen dira oraindik, baina deia luzatu dute laguntza emateko. Hemen sakatuz egin dezakezue.