Foru Aldundiak 2025eko egutegiaren 40.000 ale banatuko ditu Gipuzkoan

Babestutako Edukia 2024ko abenduaren 9a

Irunen eta Hondarribian hilaren 10ean, asteartean, banatuko dituzte: 10:00etatik 12:00etara eta 12:30etik 14:30era, hurrenez hurren.

Gipuzkoako Foru Aldundiak 2025eko egutegiaren 40.000 ale banatuko ditu datozen egunetan Gipuzkoa osoan, herri guztietara gerturatuta. Hamahiru argazkik osatzen dute guztira egutegia –hilabete bakoitzean bana eta azala–, eta "bisualki oso erakargarria ez ezik, Gipuzkoaren nortasunaren isla" ere badela azpimarratu Jose Luis Garcia de Madinabeitiak, Gipuzkoako Argazki Elkarteko epaimahaiak.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Argazki Elkarteak antolatu dute aurtengo lehiaketa fotografikoa, Gipuzkoa 1.000 urte lelopean. 272 parte-hartzailek hartu dute parte, "Gipuzkoako txoko eta leku ezberdinen esentzia harrapatuz", eta "emaitza harrigarria eta oso anitza" izan dela adierazi du Irune Berasalucek, Gipuzkoako foru bozeramaileak.

Jose Angel Amuchasteguiren "argazki koloretsu ikusgarria" da, hain zuzen ere, aurtengo irabazlea, eta 1.000 euroko saria jaso du. Arantzazuko santutegiko kriptara jaisteko eskaileraren beiratearen argi eta koloreen jolasa islatzen du argazkiak, "Gipuzkoako ondare kulturala erakutsiz". Gainontzeko hamabi irabazleek, berriz, 250 euroko sariak jaso dituzte.

Hondarribian eta Irunen

Hondarribian hilaren 10ean, asteartean, banatuko dituzte egutegiak, 12:30etik 14:00etara bitartean San Pedro kalean; Irunen, berriz, 10:00etatik 12:00etara, Zabaltza plazan.