Igandean 18:00etan asanblada deitu du Bidasoko Gazte Langileon Asanbladak (BIGLA) okupatu berri duen Irungo Eguzkitza kaleko lokalean bertan. Urdanibia plaza aldamenean dagoen egoitzan «auzoari bizia eman eta gazteria langilearen antolakuntza posible egingo duen iniziatiba» aurrera eraman nahi dute bertan. Antxeta Irratia egoitzan egon da haien asmoen berri jaso nahian. Eta argitu digutenez, 250 metro koadro inguruko egoitza honetan sartu bezain pronto jabeekin harremanetan sartu ziren haien asmoen berri emateko. «Lokal egokia zela iruditu zitzaigun, 15 urte hutsik daramazki eta dagoen lekuan, auzoak galdu duen bizitza berreskuratzeko aukerak ematen ditu», azaldu digute asanbladako kideek.
Jabeek Ertzaintzari abisu eman eta berehala agertu ziren, eta bi lagun identifikatu ondoren epaiketa azkar batetara deitu zituzten. «Normalean ez da hain azkar izaten, baina prokuradorea falta zela eta, epaileak urtarrilaren 15era atzeratu du epaiketa», argitu dute. Beraz, epaiketaren esperoan daudela, bertan egon ahal izango dute momentuz. Eta hilabete luze bateko epean proiektu autogestionatu bat martxan jartzeko aukera aprobetxatu nahi dute.
Igandeko asanbladan hartuko dituzte erabakiak. Baina gunea atontzen duten bitartean, epaiketaz harago bertan jarraitzeko itxaropenik ez dute galtzen. «Jabeekin adostasun batera heltzea izango litzateke hoberena, argi eta ur gastuak gutxienez gure gain hartzea, adibidez», diote. Bitartean, inguruko bizilagunekin ere harremanetan sartu dira haien asmoen berri emanez, eta «momentuz harrera ona izan da, bestela ere aurrera egitean eta ikustea auzoari irekitako proiektu bat dela onartuko dute», aipatzen dute itxaropenez.
Bidasoko Gazte Langileon Asanbladako kideek argi dute, «sistema kontsumistatik aldenduko den gazteentzako gune autogestionatu bat lortzeko» beharretik abiatuta okupatu dutela lokala. «Instituzioetatik kanpo, gure kabuz dohakoa izango den eta gure beharrak asetuko dituen aisialdia antolatzeko espazioak behar ditugu», aldarrikatzen dute. Izan ere, erakunde publikoetatik ez dute gauza handirik espero. «Esperientziak erakutsi digu edozein agintean dagoela ere, azkenean administrazioak beti berdin jokatzen duela», argitzen dute.
Udan hasitako Gaztetxearen aldeko borroka
Gogoan hartu beharra dago, joan den uztailean Bidasoko Gazte Langileon Asanbladako 30 gazte inguruk Hondarribiko San Telmo jauregiko lorategia okupatu zutela, eta bertan indusketa arkeologikoak abiatzear zeudela, Hondarribiko Udalak «segurtasun arrazoiak» argudiatuta abisua eman, eta ertzainek desalojatu zituzten. Bertatik zuzenean Hondarribiko udaletxeko arkupeetan akanpatzera jo zuten, agintariekin negoziatu nahian. Baina udalarekin udazkenean izandako elkarrizketa prozesua agortutzat eman zuen Bidasoko Gazte Langileon Asanbladak joan den urrian. Udalak gazteen aldarrikapenekin bat egin zuen publikoki «fondoan baina ez formetan», eta udalak elkartegintzaren beharrak asetzeko espazio publikoen falta nabaria duela aitortuta, Igor Enparan alkateak «konpromiso irmoa» adierazi zien, udalak bere mugak dituela jakinaraziz, eta «borondate osoa edukita ere, egun batetik bestera udalak ezin duela egoitza bat asmatu» argituz. Iragarri zien bezala, «gazteen beharrak eta administrazioaren ahalak eta epeak desberdinak izan ohi dira beti».
Zenbait bilera egin ondoren, udalak «bilkurak egiteko moduko lokal txiki bat» eskaini die Puntalean. BIGLA gazte asanbladak ez dio honi uko egingo. Baina ez da berehalakoa izango, eta asanbladako kideek diotenez, «ez ditu gaztetxe bat antolatzeko baldintza minimoak betetzen». Bidasoa eskualdeko gazteek osatutako kolektiboa osatzen duten heinean, eta aukera zegoela ikusita, Irungo Eguzkitza kaleko lokala hartzea erabaki dute. «Okupatu baino, bete» egin dutela diote, izan ere, 15 bat urte dira bertan bere jarduera zuen kalefakzioen enpresak egoitza hustu zuela. Eta jabego bereko goiko bizilagunek azpimarratzen dutenez, «arratoien eta katuen gordelekua besterik ez da izan urte hauetan guztietan».
Aurrekariak Bidasoaldean
Eskualdeko "gaztetxe" proiektuak aurrera eramateko azken 20 urtetan emandako okupazio eta ekintzak ez dira gutxi. Hendaiako Enbata gaztetxeak 5 urte bete ditu joan den azaroan Kaneta Portuan. Gazte asanbladaren historia urrunean geratzen dira iada, Jean Battitte Salaberri auzapeza zela Hondartza auzoan etxe huts bat okupatu zutenekoa, edota horren ondotik, arrakasta handiagorekin Sasiko gaztetxeak Enperadorearen bulebarrean Pariseko Ospitaleen jabetzakoa zen Argi Hastea etxea okupatu, atondu eta Orio auzoko bizilagunen sustenguarekin erreferentzia bilakatu zenekoa ere. Gaur egun, Kotte Ecenarro auzapez dela, herriko etxearekin hitzarmena izenpetu eta gaztetxea martxan mantentzea lortu dute momentuz.
Irunen 20 urte egin ditu Lakaxita gaztetxeak. Gazte belaunaldi desberdinak iragan dira bertatik bi hamarkada honetan, eta musika eta kultur ekimenekin batera, gizarte eragile askoren abiapuntu izan da. Irungo Harrera Sareak bertan aterpetu zituen migratzaileak 2018. urteko zenbait hilabetetan, migratzaileak laguntzen hasi zirenean. Eta Labore Txingudi proiektuaren lehen salmenta gune ere izan zen, besteak beste. Irungo Udalak hasieratik deitoratu zuen gazte asanbladaren okupazioa, baina ordenazioz kanpo dagoen etxe pribatu eta abandonatu bat den heinean, Lakaxita gaztetxearen proiektua luzatu den bezain beste denboraz atzeratu egin den San Miguel-Anaka hirigintza proiektua garatu bitartean, bere horretan jarraituko dute.
Bidasoko Gazte Langileon Asanbladak Eguzkitza kalean okupatu berri duen egoitzaren kasuan, gazteek argi dute «beste proiektu autogesionatu batzuk daudela, eta gure asanblada irekita dago ekarpenak jasotzeko ere», diote. Abenduaren 15ean 18:00etan deitu duten asanblada, denei irekia baita, auzokideak barne.
Haien borroka Hondarribian hasi zuten udan, baina Bidasoaldeko ekimena da. Hondarribian ere, joan den udakoaz haragoko aurrekariak baditu. 2019. urtean Alde Zaharreko Egiluze jauregia okupatu zuten gazteek, udalarekin eta elizarekin gatazkan sartuz. Garai hartan EAJren udal gobernuak ez zien alternatibarik eman, eta elizak bere jabetza epaitegietan defendatuta, Ertzaintzak desalojatu zituen artean gotortu ziren jauregian azken unera arte.
Oraingoan, Bidasoko Gazte Langileon Asanbladak urtarrilaren 15a arteko epemuga du, epaiketaren esperoan. Baina Eguzkitza kaleko "gaztetxe" berria «amesteko asanblada» deitu dute igandean 18:00etan.