Ekialdebuseko langileek greba deitu dute abenduaren 21, 24 eta 31rako

Aitor Errazkin 2024ko abe. 17a, 15:02

Santomasetan, Eguberri eta Urtexarretan greba egingo dute Ekialdebuseko langileek. 2011tik 2024ra bidaiari kopurua bikoiztu egin bada ere, (4 milioietatik 10era emendatuz), autobus kopuru berbera eta kalitatezko zerbitzuak bermatzeko baliabiderik ez dutela ezarri salatzen dute. Grebak Irun eta Hondarribian eragina izango du.  

Bidasoa-Oarsoaldea Donostiarekin lotzen dituen Ekialdebus garraio zerbitzuko langileek grebara joko dute datorren abenduaren 21ean, 24an eta 31n. Zerbitzuaren egoera kezkagarriaren aurrean hartu dute erabakia, azken urteetako bidaiarien hazkunde handiari kalitatezko zerbitzurik eskaintzeko baliabide egokirik gabe daudela salatzeko. LAB sindikatuko Lurraldebuseko delegatuak, Iñaki Fernandez de Gorostizak azaldu duenez, «2011ko 4 milioi bidaiarietatik 2024ko 10 milioiko zifra errekorrera pasa da zerbitzua, baina ez da autobusen kopurua handitu erabiltzaileen eskaerari erantzuteko».

Izan ere, autobus kopurua eta ordutegiak berdin mantendu dira azken hamarkadan. Honek ondorio larriak izan dituela salatzen dute langileek. «Ohikoak bilakatu dira 10-15 minutuko atzerapenak, eta duela hilabete batzuetatik hona, askotan utzi behar izaten ditugu bidaiariak geltokietan, autobusen edukiera gainditzen delako», dio langileen ordezkariak. Gidarientzat ere egoera jasangaitza bilakatu da, «atseden denborak galdu eta merezi ez ditugun liskarretan sartzen garelako bidairiekin».

Erabiltzaileei begira zerbitzua hobetzeko neurriak ezinbestekoak direla aldarrikatzen dute, eta greba egunak baliatuko dituzte beren aldarrikapenak mahaigaineratzeko eta irtenbideak eskatzeko. Erabiltzaileei egun horietan sor daitezkeen eragozpenak ulertzeko eta pazientzia izateko eskatu diete, egoera konpontzeko bidean beharrezko pausoa dela azpimarratuz.

Hauek izango dira greba egunak: 

  • Abenduaren 21a, larunbata, goizeko 05:00etatik abenduaren 22ko goizeko 6.30etara.
  • AbenduaREN 24a, asteartea, 15:00etatik abenduaren 25eako 15:00etara
  • Abenduaren 31, asteartea, 15.00etatik  2025eko urtarrilaren 1eko 15:00etara

Ekialdebuseko bezeroari arreta zerbitzua: 900 300 340