Galdera horiei erantzuteko Joseba Aurkenerena adituak hainbat hitzaldi eman ditu azken urteotan Eusko Ikaskuntzaren eskutik. Berekin xehetasunak bildu ditugu Antxeta Irratian. Azaldu digunez, XVII. mendean iada, Lope Martinez Isasti historialari lezoarrak bere Compendio de Gipuzkoan aipatu zuen «betidanik ospatu izan zela», eta bertan aipatzen zen ere "Onentzaro edo onen aroa" zela. Xebero Altubek, aldiz, euskaldunok egindako letra dantza edo metatesi bat zela defendatu zuen, eta Olen - Noel hitzatik zetorrela. Julio Caro Barojak bere partetik, Lezolegi besta paganoarekin lotu zuen, eta Baionako apezpikuen bitartez sartu zela Euskal Herrira Olentzeroren figura. Beste teoria batzuk ere aipatu dizkigu Aurkenerenak. Eta denen artean egokiena bere ustez, Jose Maria Sastrustegik aldarrikatu zuena da. «Bere ustez olezka ibiltzeko aroa zen, gure bestetan kantuz, dantzaz eta eskatuz, olez eginez egin ohi dugun moduan. Kantuak dion bezala "Zorion etxe hontako denoi, olez egitera gatoz..."», argitzen du. Nolanahi ere, 15 bat izen edo deitura desberdin zerrendatu ditu Olentzerori buruz, eta etimologikoki ere, hainbat teoria daude. Denak onargarriak bere ustez.
Baina mito honen sustrai sakonak gure historian galtzen dira. Euskaldunon mitologiaren baitan. Izan ere, neguburu, neguko solstizioaren haritik eguzki zaharra hiltzen eta eguzki berria piztutzen zaigun honetan, garai bateko euskaldunentzat natura sakratua izanik, eta ondorengo antropozentrismoak bultzatuta, «naturaren aro aldaketaren pertsonifikazioa da Olentzero» bere ustetan.
Azalpen guztiak ondoko elkarrizketan dituzue entzungai.