Euskal Herri Elkargoak eta Irungo Udalak Hegobus zerbitzua indartzea adostu dute

Antxeta Irratia 2024ko abe. 27a, 13:39

San Juan-Hendaia (L31) eta Behobia-Hendaia (L33) mugaz gaindiko Hegobus zerbitzuek 30 minuturoko maiztasuna izango dute 2025eko urtarrilaz geroztik. Bidaiari kopuruak batez bestean %20 gora egin dute, eta horren arabera zerbitzuak indartuko dituzte urte osoan zehar. Udako garaian ere, Puiana-Hendaia hondartza arteko zerbitzua ere indartuko dituzte. 

2016tik mugaz gaindiko autobus zerbitzua ematen duen Hegobus (orain Txik Txak izenekoa) linea indartzeko akordioa onartu du Irungo udalbatzak abenduaren 27an. Irungo Udalarekin hitzartutakoaren arabera, autobus zerbitzuen maiztasuna hobetu egingo da 2025ean udan zein neguan. Hala, martxan diren mugaz gaindiko bi lineatan 30 minuturo zerbitzu bat emango dute, orain arte 50 minutuko maiztasuna zuten bitartean. Euskal Herri Elkargoaren Txik Txak zerbitzuen berrantolaketa bat eman da 2025ari begira Lapurdi mailan, eta horrek eragina izango du mugaz gaindiko zerbitzuen deituran ere. Horrela, L31 zena, orain 15. linea izango da. Eta L33 hemendik aurrera 14. linea bilakatuko da. Horri esker, San Juan-Hendaiako lineak neguan egunero oraingo 13etatik 21 zerbitzutara zabalduko da. 

Aldaketak 2025eko urtarriletik aurrera indarrean ezarriko dituzte. Eta deitura eta maiztasunaz harago, aldaketek ez dute ibilbideetan eragina izango, baina uda garaian Puiana-Hendaiako hondartza zerbitzua indartzeko erabakia hartu dute. Izan ere, San Juan-Hendaiako hondartza L31 delakoa, uda garaian zerbitzua Puianatik abiatu izan da Hendaiako hondartzaraino, eta linea horren kasuan iaz 42.507 bidaiari jaso zituen, 2022an baino %20,5 gehiago (35.275). Txik Txak zerbitzuetan bilakaera onena izan duen linea izanik azken urtean. Era berean, Behobiako geltokia abiapuntu duen Hegobusak (L33 eta orain 14. linea izango dena) iaz 12.444 bidaiari jaso zituen, aurreko urtean baino %20 gehiago.