Joan den azaroan iragarri zuen bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiak Lurraldebusen indarkeria matxisten aurkako lehen protokoloa osatzen ari da. Aste honetan, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatua, Azahara Dominguez, Arkauteko zuzendari nagusi Miren Dobaranekin eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako Zerbitzu Administrazioko zuzendari Amaia Angulorekin bildu da protokoloarekin aurrera egiteko. Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak berdintasun-politika bat du, eta argitu dutenez, «bai Akademian, bai Arkauten prestatzen ari diren promozio berrietako ikasleek egunero erabiltzen duten garraio publikoan aplikatzen duten eredua eta esperientzia» partekatu dute bileran.
Akademiako zuzendari Miren Dobaranek erakundeen arteko elkarlana balioan jarri du eta «jardunbide egokietatik ikasteko eta genero-ikuspegiak modu koordinatuan aplikatzeko» beharra azpimarratu du. Arkauteko instalazioetan egin den bileran, Azahara Dominguez diputatuak Lurraldebusen indarkeria matxisten aurkako lehen protokoloa errealitate izan dadin egiten ari den lanaren berri eman du. Joan den azaroak 25 Emakumearen Aurkako Indarkeria Desagerrazteko Nazioarteko Egunaren bueltan iada, Emakundek abian jarritako "Indarkeria matxista ukatzea haren alde egitea da" lelopeko kanpainarekin bat egin zuten Lurraldebuseko autobusetan. Eta udazken honetan Haurralde fundazioarekin biltzeaz gain, langileen kolektiboek, udalek, erakunde feministek eta indar polizialek ere euren ekarpenak egin dituzte.
Zentzu horretan, garraio publikoko profesionalen prestakuntza eta jarduna hobetzeko hainbat neurri aztertu dituzte bileran, baita erabiltzaileen sentsibilizazio lanaren beharra ere. Eta berdintasunaren ikuspegian oinarrituta eta indarkeria matxistekiko zero tolerantzian eragingo duen Garraio Publikoaren Erabilera Zuzenaren Dekalogo bat sortzea aurreikusi dute.
Garraio Publikoaren Erabilera Zuzenaren Dekalogoa
Hori guztia lantzeko Gipuzkoako Foru Aldunditik lanketa sakona egiten ari dira azken hilabeteotan. «Erabiltzaileekin, Lurraldebuseko langileekin, talde feministekin, udalekin, Ertzaintzarekin eta udaltzaingoekin egiten ari garen topaketek aukera ematen digute protokolo honen oinarriak ezartzeko, garraio publikoa erabiltzen duten emakumeen babesa eta segurtasuna bermatzeaz gain, zerbitzua ematen duten langileena ere bermatzeko», azaldu du Azahara Domínguez diputatuak.
Azpimarratu duenez, protokoloa tresna «integrala eta proaktiboa» izango da, eta erabilgarria izango da «ez bakarrik prebentzioan, baizik eta jarduteko tresnak eskainiko ditu emakumeen aurkako indarkeria-egoerak gertatzen direnean». Diputatuak gogorarazi du protokoloak ibilgailuetan gerta daitezkeen indarkeria matxista kasuei erantzuteko esparru bat eskainiko diela gidariei, biktimek jasotzen duten lehen arretari erantzun hobea eta azkarragoa emateko.