Ramon Esparza diseinatzaile lesakarra etxera bueltan izango da otsailan

Koldo Nausia 2025ko urt. 15a, 10:31

25 urtez Cristobal Balenciaga diseinatzaile ospetsuaren bikote eta kolaboratzaile, haren itzalpean aritu zen Ramon Esparzari buruzko erakusketa antolatuko dute otsailaren 27tik maiatzaren 4ra Irungo Amaia KZn. “Ramon Esparza, Bidasora itzultzea” erakusketarekin, Irungo modistekin elkarlanean hasi eta Parisen 1972an Chanel frantses moda-etxearen zuzendari kreatibo izatera iritsi zen Esparzaren figura balioan jarri nahi dute.

Neguko kultur agenda aurkeztu zuen atzo Irungo Udalak. Gaur ekingo diote CIMASUB Itsaspeko Zinemaldiaren saioekin. Eta urtarrilaren 17a arte, hiru egunez mundu zabaleko itsaspeko irudi ikusgarrienak bilduko dituzten dokumentalak proiektatuko dituzte dohainik, arratsaldeko 19:00etan. Café Quijano edota urtarrilaren 24an Amaia Kultur Zentroan sarrera guztiak agortuak dituen Ara Malikian musikari ospetsuaren emanaldi entzutetsuez haratago, aparteko hitzordu zenbaitzuk nabarmentzen dira agenda kulturalean. Haien artean, Ramon Esparzaren bizitza eta obra lehen planora ekarriko duen “Ramon Esparza, Bidasora itzultzea” erakusketa.

Amaia Kultur Zentroan izango da otsailaren 27tik maiatzaren 4ra. Cosmopolitan eta Vogue aldizkarietan argazkilaria eta jantzigintzan aditua den Pedro Usabiaga da komisarioa. Aipatu digunez, Cristobal Balenciaga ez da protagonista izango, baina bere ibilbidearen bidez ezagutu ahalko da 1923an Lesakan jaiotako Ramon Esparzaren ibilbidea. «Pribilegio bat izango da, Irunen eta lehen aldiz, Ramon Esparza lesakarraren bizitza laburbilduko duen erakusketa eskaintzea», nabarmendu du Usabiagak. Argitu duenez, Bidasoa ibaia ardatz hartuta, XX. mendeko modaren pertsonaiarik garrantzitsuenetakoa orain artean itzalean pasa bada ere, 25 urtetan zehar Balenciagaren bikote eta lankide kolaboratzailea izan zenaren figura ezagutara emango dute erakusketa honekin. Parisen aritu zen diseinatzaile ospetsuaren laguntzaile fidela, eta hau zendu ondotik, 1972an Chanel frantses moda etxean kolaboratu zuen. Izan ere, Gabrielle Chanel hil eta ondoren marka hontako zuzendari kreatiboa izendatu zuten.

Erakusketa honekin, Ramon Esparza ezagutzeaz gain, Bidasoan eta Irunen jantzingintzaren historia ezagutara eman nahi dute. «Mugako hiria izanik, betidanik izan dira emakume modista onak, Frantziarik etorriak ere, eta modista horiek guztiak omendu nahi ditugu», argitu du erakusketaren komisarioak. Otsailaren 27an estreinatuko duten erakusketa collage moduan proposatuko duela iragarri du. Jantzi originalak, ikus-entzunezko materiala, argazkiak, margolanak, dokumentuak eta objektu zein bitxikeria anitz bilduko ditu, eta garai hartako kultura eta artearen irudiko, Esparzaren senideak ongi ezagutzen zituzten Pio Baroja idazlea edota Montes Iturrioz margolari irundarraren obren eskutik ere, erakusketa osatuko dute.  

Ekimen honi lotuta, Bizinema elkarteak garaiko jantzingintza eta diseinatzaileen garaian oinarritutako zinema saio berezi bat antolatuko du otsailaren 21ean Amaia Kultur Zentroan bertan. Ez dute oraindik filma zein den iragarri, baina zinemagintzaren historian jantziek izan duten bilakaeraren lekuko izango da, eta filmarekin batera, honi lotutako gaualdia prestatzen ari dira.