Osakidetzak "Paziente Bizia" programaren eskutik 2024-2026 urtealdirako herritarrak osasunean ahalduntzeko estrategiari lotutako Osasun Eskolaren tailerrak antolatu ditu otsailetik aurrera Bidasoaldean. Osasuna eta zaintza ikuspegi komunitario batetik lantzen du programa honek, eta gaixoek edo zaintzaileek emandako tailerrak jasotzen ditu. Osakidetzak azpimarratu duenez, berdinen arteko tailerrak dira, betiere, norberaren esperientziak partekatu eta osasuna zaintzeko moduak ezagutara emateko helburuarekin.
Duela gutxi, Familiako eta Komunitateko Medikuntzako Espainiako Elkarteak baieztatu du, egindako inkesta baten bidez, pertsonen ehuneko handi batek Interneten bilatzen duela osasunari, elikadurari edo ohitura osasungarriei
buruzko informazioa, eta horrekin lotutako aplikazioren bat erabiltzen duela. Zehazki, %54ak gai hauei buruzko kontsultak egiten dituzte Internet bidez, sintomak eta eragozpenak (% 72), osasun-zerbitzuetarako sarbidea (% 57), diagnostikoa (% 55), errezetatutako medikamentuak (% 60) eta bizimodu osasungarria (% 63).
Osakidetzak argitzen duenez, pertsonen eta komunitateen osasunean ahalduntze-maila handitzeko, beharrezkoa da osasunean alfabetatzea, eta osasun erakundeetan ez ezik, asistentzia eremu eta maila guztietan estrategia transbertsala, integrala eta integratua sortu nahi dute.
Helburu hauekin bat eginda, Bidasoaldean hiru tailer antolatu dituzte, Irungo Erdiguneko Lehen Arreta Zentroan, Dunboa osasun zentroan eta Hondarribiko Itsas Etxeko anbulategian ere. Otsailan hasiko dira guztiak. Otsailaren 17an Irungo Erdiguneko osasun zentroan "Nire osasuna modu aktiboan zaintzen" prebentzio tailerra eskainko dute 9:30etik 11:45era. Eta orotara halako 8 saio proposatuko dituzte, astelehenetan. Dunboako anbulategian, aldiz, "Nire ongizate emozionala zaintzen" izeneko tailerra antolatu dute. Asteartero izango da 9:30etik 12:00etara, eta lehen saioa otsailaren 18an egingo dute. Egun berean, baina arratsaldeko 16:00etatik 18:30era, tailer berbera emango dute Hondarribiko Itsas Etxeko anbulategian. Honakoan ere, guztira 8 saio izango dira.