Ostalaritzan lana ahalbidetzeko programa martxan, migrazio prozesuak Bidasoan errotzeko

Antxeta Irratia 2025ko urt. 22a, 10:56

Bidasoa Bizirik garapen agentziak Errotu programa martxan jarri dute Irunen eta Hondarribian. Lanbideko Arraigo deialdiaren barruan onartutako ekimen honen helburua prestakuntzaren eta lan-inklusioaren bidez egoitza eta lan baimenak erraztea da, bereziki ostalaritza sektorean lan egiteko.

Programa 10 lagunekin abian jarri zuten eta parte-hartzaileak prestakuntza ibilbide bat jarraitzen ari dira. Garapen agentziak argitu duenez, atzerritartasun arloko aholkularitza juridikoa Adiskidetuak elkartearen eskutik jasotzen dute, orientazio indibiduala eta laneko praktika batzuekin borobilduz. Esan bezala, ostalaritza sektoreari lotutako ekimena da, eta enpresetan lan kontratu batekin egingo dituzte praktikak. 

Bidasoa Bizirik erakundeko presidentea den Nuria Alzagak nabarmendu duenez, «Errotu programak ez du soilik pertsona migratzaileen inklusio laborala ahalbidetzen, gure ekonomiaren sektore giltzarri bat, ostalaritzak dituen beharrei ere erantzuten die». Zentzu honetan, lan aukerak sortzeko eskualdeko ostalaritzako 10 enpresa parte hartzaileek agertu duten borondatea eta konpromisoa eskertu nahi izan du Alzagak, «kohesio soziala» bultzatzen dutelako.