Moskuko Gaztetxea hustu eta badoaz, pozik lortutakoarekin

Koldo Nausia 2025ko urt. 22a, 11:23

Joan den urtarrilaren 15ean izandako epaiketaren sententzia jaso aurretik, larunbatean erabaki zuten asanbladan abendu hasieraz geroztik Moskuko Gaztetxe izandako Eguzkitza kaleko lokaletik alde egitea. Astelehenean hasi ziren hustutzen eta egoitzaren giltzak jabeei entregatuz auzibidearen ondorioak arindu daitezkeelakoan daude. Bidasoko Gazte Langileen Asanbladako kideek argitu dutenez, «ez goaz, bota gaituzte».

Abenduko okupazioa egin eta gero bi lagun identifikatu zituen Ertzaintzak, eta hauei leporatzen dietenagatik isunak ordainduko zituztela aurreikusia zuten. Epaiketa azkarra agindu zieten, baina prokuradore baten faltan hilabete atzeratu zuen epaileak bista judiziala. Horrela, urtarrilaren 15eko epaiketan lokalaren jabea den berogailuen enpresak, okupazioa eman zenean lokala saltzeko kontratu bat negoziatzen ari zela argudiatu du. Baita salmenta justifikatzen duten agiriak aurkeztu ere. Horrenbestez, salmenta oztopatu izana egotzi diete gazteei, eta lokala hustu eta giltzak entregatu ezean, aipatutako isunak eta epaiketaren gastuez gain, Bidasoko Gazte Langileen Asanbladako kideek aurre egiteko gai ez diren diru kopuru handiak eskatu ditu jabeak kalte-ordainetan. Izan ere, hitzartua omen zuen eta aurrera eraman ez den salmentaren portzentai bat ordainaraztea erabaki dezake epaileak. 

Gezurrak epaiketan

Gazteek argi dute lokalak 15 urte zeramala hutsik, izan ere, horregatik erabaki zuten hau hartzea. «Epaiketan enpresak gezur asko esan ditu, eta biltegi modura erabiltzen zuela ere, eta ez da egia», argitu dute. «Okupatu baino, bete» egin dutela diote, kalefakzioen enpresak bere jarduera aspaldi bertatik utzi eta egoitza aspaldi hustu zuelako. Antxeta Irratiak jabego bereko bizilagunei galdetuta, hauek azpimarratzen dute, «arratoien eta katuen gordelekua besterik ez dela izan urte hauetan guztietan». 

Nolanahi ere, sententziak ekar lezakeen mehatsu ekonomiko larria ikusita, ebazpena jaso aurretik lokala hustutzeko erabakia hartu dute. Hala ere, haien aldarrikapenak ez dira hemen amaitu. «Errepresioaren aurrean, lokala utzi eta hausnarketarako tarte bat hartuko dugu orain, baina udaberrian helduko diogu berriz gure borrokari», iragarri dute Antxeta Irratian. 

Borrokan jarraitzeko sasoia

Kontuan hartu behar baita, oraingoan Irunen Moskuko Gaztetxe izendatu duten proiektu efimero bezain autogestionatuaren saiakera bertan behera uztera behartuak ikusi direla, baina 2024ko uztailan hasi zirela gaztetxe baten aldarrikapenekin. 30 gazte inguruk Hondarribiko San Telmo jauregiko lorategia okupatu zuten orduan, eta bertan indusketa arkeologikoak abiatzear zeudela, Hondarribiko Udalak «segurtasun arrazoiak» argudiatuta abisua eman, eta ertzainek desalojatu zituzten. Bertatik zuzenean Hondarribiko udaletxeko arkupeetan akanpatzera jo zuten, agintariekin negoziatu nahian.

Udalak gazteen aldarrikapenekin bat egin zuen publikoki «fondoan baina ez formetan», eta udalak elkartegintzaren beharrak asetzeko espazio publikoen falta nabaria duela aitortuta, Igor Enparan alkateak «konpromiso irmoa» adierazi zien, udalak bere mugak dituela jakinaraziz, eta «borondate osoa edukita ere, egun batetik bestera udalak ezin duela egoitza bat asmatu» argituz. Iragarri zien bezala, «gazteen beharrak eta administrazioaren ahalak eta epeak desberdinak izan ohi dira beti».

Joan den urrian bide hori agortutzat eman zuen Bidasoko Gazte Langileen Asanbladak. Izan ere, udalak Puntaleko eskola zaharretan eta Mendeluko 'Open Gela' proiektuan gela bat eskaini die. Baina «gela atondu behar da eta ez da biharko kontua» diote gazteek, «gainera, ez du gaztetxe proiektu bat garatzeko espaziorik eskaintzen, bilerak egiteko baizik».

Moskuko saiakeraren balorazio baikorra

Nolanahi ere, aukera hori baztertu gabe, udaberritik landa haien aldarrikapenekin segituko dutela hitz eman dute. «Eskualdean badira beste gaztetxe proiektu batzuk, baina gazteok kontsumismoaren eta diruaren bidetik ez bada, gure aisialdia antolatzeko espazio eta modurik ez dugu», kexu dira. Azken hilabete eta erdian lortu duten guztia baikorki baloratzen dute, eta segitzeko gogoa dute. Auzolanean garbitu eta proiektua abiarazi orduko, San Tomas eguna ospatu zuten bertan, baita urtarrilaren 4an kontzertu jaialdi bat ere. Bidasoko Gazte Langileen Asanblada indartua atera dela azpimarratu dute. «Pozik goaz, jendea hurbildu eta asanblada jendetsuak egin ditugulako, gure mugimendua inoiz baino beharrezkoagoa dela erakutsi dugu», diote.

Bien bitartean, Moskuko Gaztetxean jasandako eraso faxisten aurrean ere, mobilizatu eta argazki kolektibo bat egiteko aukera izan dute. Eta eraso nazien gorakadari buru egiteko gai izan direla uste dute. Gazteek argi dute «gero eta ohikoagoak bilakatu direla horrelako eraso faxistak, mezu homofobo eta arrazistak zabaldu, eta indarkeria matxista ukatzen dutenak, eta hauek normalizatzeko diskurtsoak ere». Hortaz, faxismoaren aurka antolatzea inoiz baino beharrezkoagoa da asanbladako kideen ustetan. «Erasoak erakusten du antolatzeak inoiz baino zentzu handiagoa duela», aldarrikatzen dute.