Ez dugu sarri ikusten elurraren zuriz jantzita Bera, eta Euskal Herrian ere snowrunning modalitatean leihatzeko aukera bakarra izaten da normalki: Larra-Belaguako txapelketa. Nafarroako Selekzioaren izenean aritu ziren bertan pasa den asteburuan Ainhoa Etxegarai eta Oihan Pikabea beratarrak, eskualdeko Beñat Albisu beintza-labaindarrarekin batera. Lehendabiziko aldia zuten bortziritarrek, eta «berezia» izan zela azaldu digute biek.
12,92 kilometroko ibilbidea osatu zuen Etxegaraik 01:23:17ko denboran, eta podiumera igotzea lortu zuen; emakumeen promesa mailan bigarrena izan zen. Behin ere probatu gabeko modalitatea zen berarentzat eta gogorra egin zitzaiola onartu digu. Horrela izateko «elurretan ez ezik, arratsez izatea, hotza… faktore anitz» elkartu zirela gehitu du. Hala ere, Nafarroako selekzioarekin joateak «esperientzia polita» bihurtu zuen, «jendea ezagutu eta haiengandik ikasteko» aukera eman baitzion beratarrari.
Pikabeak ere lehen aldia zuen horrelako eremu batean korrika. Eta honek ere «gogorra» egin zitzaiola berretsi du. 6,96 kilometroko itzulia egin behar izan zuen berak, eta sentimendu ugari nahasten zaizkio lasterketa gogoratzean: «Esperientzia gazi gozoa izan zen; pertsonalean malda goiti sufritu nuen gehien bat, eta beroketetatik nabaritu nuen ez zela lasterketa arrunta izanen eta hankak errezago nekatuko zitzaizkidala. Hala ere, oroitzapen gozoa izan zen Nafarroako selekzioarekin joateko aukera izatea».
Aspaldian lasterka, eta segitzeko asmoz
Manttale mendi lasterketa taldean hasi ziren bi beratarrak korrika egiten, txikiak zirela. Familiatik datorkio mendirako eta kirolerako zaletasuna Pikabeari, baina joan den urtean egin zuen lasterka egitea lehenesteko hautua: «Lasterketak egiten hasi nintzen eta aski ongi joan da oraingoz. Nafar teknifikazio taldean sartu nintzen eta hilabetean behin entrenatzen dugu etorkizun batean Nafarroako selekzioan parte hartzeko». Etxegarai gaztetxoa zela hasi zen leihatzen, mendi lasterketetan gehien bat, eta oraindik ere horretan dihardu: «Pandemia garaian geldialdi bat izan nuen lasterketak ere ez zirelako egiten eta orain hasi naiz berriz ere pixkanaka parte hartzen. Nafarroako selekziotik deitu ninduten snowrunning-era, adibidez».
Biak ala biak dute bide horretan pausuak ematen segitzeko asmoa. Snowrunning-a baino, bertzelako lasterketa arruntagoak dituzte buruan, zonaldekoak dituzten Berako mendi maratoi erdia, Lesakako mendi lasterketa edo Arantzako mendi lasterketa, adibidez. Pikabeak gogoa du «lehen aldiz parte hartu eta nola moldatzen den» ikusteko. Etxegaraik gainera, Nafarroako Kopa du begiz jota, baita maiatzean izanen duen Espainiako txapelketa eta ekainean izaten den Camille Xtrem proba ere. Argi dago beraz, oinetakoen zolak higatzen segituko dutela beratarrek.