Duela 30 bat urte mendiak basoberritzeko eta belaunaldi berriak mendiaren zaintzarekin sentsibilizatzeko helburuarekin hasi ziren Bidasoaldeko bi herriek Zuhaitz Eguna antolatzen. Eta Hondarribian Artzuko Gregorio Berrotaran zenak bultzatutako ekimena herrian usadio bilakatu den bitartean, Irunen hasierako "Haur Bat, Zuhaitz Bat" ekimena "Etorkizuna gara. Gorosti bat elkarrekin hazteko" berrizendatu zuen udalak duela 10 bat urte. Mendian zuhaitzak landatzeari utzi zioten orduan «udal jabetzako lursail egoki gehiagorik ez zegoelako landatzen jarraitzeko».
Irunen gorostien banaketa
Hainbat urtetan, San Martzialgo Aldabe mendian, Siutz inguruetan eta Erlaitz mendian ere haritzak landatu zituzten errenkadan eta jaioberrien izena adierazten duten txapak ezarrita, aurrerantzean familiek landatutako zuhaitza bisitatzeko aukera goza zezaten. Gaur egun, aldiz, jaioberri bakoitzari gorosti bana oparitzen dio Irungo Udaleko Garapen Jasangarriko arloak. Banaketa udaletxeko arkupetan egiten dute, eta aurtengoa martxoaren 29an egingo dute.
Parte hartu nahi duten familiek otsailaren 17tik martxoaren 9ra izena eman beharko dute Irungo Udalaren webgunean, edo 010 telefonora deituta. Behin izena emateko epea bukatuta, gorostia jasotzeko txandak finkatuko dituzte, eta eguna eta ordua posta elektroniko bidez jakinaraziko zaie familiei. Udalak argitu duenez, gorostia baso autoktono guztietan topa dezakegun espeziea da, eta banaketaren helburua norberak loreontzi batean edo lursail pribatu batean landatzekoa bada ere, birlandaketa bideragarria izateko adina hazi denean, baso publikoetako lurretan landatzeko aukera dago.
Hondarribian mendia basoberritzen
Bizilagunek, aldiz, Jaizkibel mendian 90. hamarkada hasieran emandako suteen ondorioz basoberritzeko beharrarekin bat eginez, 1995. urtean abiatutako "Zuhaitz Eguna"ri eusten diote oraindik ere. Landaketak Guadalupen urte luzetan egin ondoren, San Telmo inguruetara lekuz aldatu eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean kendutako pinuak zeuden lekuan bertako ametzak landatzen dituzte gaur egun.
Familientzat ekimen sinbolikoa bada ere, aurten 30. edizioa beteko du, eta orain artean 4.000 zuhaitz baino gehiago landatu dituzte Hondarribian honi esker. Garoa Lekuonak, Ingurumeneko zinegotziak azaldu digunez, «Jaizkibel menditik bildutako ezkurretatik sortutako ametzak dira». Azken urteetan landaketa eredua ere egokitu dute irizpide berrietara. Garai batean, haur bakoitzaren izena zeraman zuhaitza, eta erraz bisitagarriak izateko lerrokatuta landatzen zituzten. Orain, aldiz baso moduan landatzen dituzte eta izenik gabe. «Kolektibitateari eman nahi diogu garrantzia, eta urte bakoitzari dagokion jaiotakoen basotxoa osatzen da», azpimarratu du Lekuonak.
Haatik, aurtengo basotxoa inoiz baino txikiagoa izango da. Hiru hamarkada hauetan inoiz landatutako kopururik txikiena iaz eman zen, 95 zuhaitz besterik ez. Baina jaiotza-tasa etengabe apaltzen ari den honetan, aurten 2024an Hondarribian jaiotako 93 seme-alabek eta haien senideek besterik ez dute izango parte hartzeko aukera.
Zuhaitz Eguna martxoaren 22an ospatuko dute, eta azken aldiotan bezala San Telmo inguruan izango da, goizeko 11:00tatik hasita. Ordubete beranduago, 12:00etan, 2018an jaiotako haurrei makila bana oparituko zaie. Aurten 2018an jaiotako 132 umek jasoko dute makila. Keinu hau ere, Gregorio Berrotaranek usadio bilakatu zuen, mendian ibiltzeko adina duten 7 urteko haurrei Artzuko baserrian hurritzaz eskuz eginiko makil banaketa eta Hondarribiko xenda-bideen liburuxka banatzen hasi baitzen, belaunaldi berrien artean mendizaletasuna bultzatu nahian. Eta udalak ohitura hau gordetzen du urtero.