Santiago eta Plaiaundi lotzen dituen pasabidea irekia, Hondarribiarekiko loturaren zain

Aimar Lopez 2025ko ots. 3a, 12:07

Kilometro pasa du bide berriak, Irungo ibaiertz osoa bidegorriz osatuz. Plaiaundi eta Amute arteko bidearen eraikuntzari begira, “ministerioak esaten duenaren esperoan” daudela azaldu du Jauregi sailburuak.

Berandu baina garaiz: Bidasoa bazterreko Hendaiako pasabidea ireki zutenetik hamaika urtera, Irunek ere badu parekoa. Santiago zubiaren ondoko parketik abiatu eta autoen, trenen eta Avenida zubiaren azpitik pasaz Pierre Loti pasealekua lotzen ditu egurrezko pasabideak, ondotik lurrean egokitu duten bide partekatutik Plaiaundi institutura heltzeko. Orotara kilometro eta berrehun metro luzatzen da bidea, nagusiki Jaurlaritzak inbertitu dituen 3.4 milioi eurorekin finantzatua, “Hendaia, Irun eta Hondarribiaren arteko mugikortasun jasangarriari bultzada emateko”, Mikel Jauregi sailburuak gehitu duenez.

“Hiru herrien arteko joan-etorri asko autoz egiten dira: ibilbide berri honekin haietako asko oinez eta bizikletaz eginen dira”. Mikel Jauregi sailburuak hala azaldu du Industria, Trantsizio Ekologiko eta Jasangarritasun sailaren posizioa, eta Cristina Labordak gehitu: “badiak duen ondare eta balioaz ohartzeko” balioko du bide berriak Irungo auzapezaren ustez.

Argi-itzalak

Pasabidea irekia bai, baina ilunpean izanen da udaberrira arte, azpiegituraren kudeaketa Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskuetara pasa eta hauek argiztapena jarri arte. Bestalde, Balazta Bidasoko bizikleta erabiltzaileen elkarteak salatu du proiektuak zentzu gutxi duela Amuteraino iritsi gabe, eta “datozen urteetan” bide osoa bukatua ikusteko “aukera gutxi” ikusten dutela gehitu du elkarteak.

Bertzalde, Plaiaundiko institutu ataritik Irungo erdigunera eta Zubi-muxuko biribilgunera lotura egiteko eskatu du elkarteak ere, jadanik eginak diren bidegorriekin lotze aldera. Cristina Laborda alkateak lotura horiek eginen direla erantzun du, iaz onartutako Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planean (HMJP) zehaztu zen moduan. Bertan, Plaiaundi eta Zubi-muxuren arteko lotura institutuaren atzetik eta ondotik hezegunearen ertzetik egitea aurreikusten da, eta Labordak azaldu duenez, inguru horretan dagoen “trafiko handiagatik” konplexua da lana. HMJPean alta, “epe laburreko” ekimen bezala katalogatua dago: plan horren helburuetan autoen trafikoa murriztea eta bizikleten erabilera sustatzea dago bertzeak bertze.

Irungo Hiri Mugikortasun Jasangarriaren Planeko bizikleta bide berrien sustapenerako atala. Urdin ilunez E4a puntuan Plaiaundi-Zubi-muxu lotunea.

Plaiaundi eta Amuteren arteko loturari dagokionez, gaur inauguratu duten zatiarekin batera esleitu zen 2023ko udazkenean, baina kontratua ez zen nehoiz izenpetu. Gaur, Mikel Jauregi sailburuak azaldu du “Espainiako ministerioaren zain” daudela, Ingurumen eta Garapen Iraunkor ministerioaren esku baitago afera. Hain zuzen ere, sail horrekin biltzekoa da Mikel Jauregi sailburua “hemendik bi astera” eta gaia mahai gainean jarriko du, bidea Hondarribira luzatzeak “merezi baitu”.