Txingudiko Mankomunitateak aho batez behin behinean onartu duen Hiri Hondakinen Kudeaketarako Ordenantza berriari alegazioak aurkezteko epea ireki dute. Igor Enparan eta Cristina Laborda, Hondarribiko eta Irungo alkateek azpimarratu dutenez, «prozesu ahalik eta parte hartzaileena izatea» saiatu dira, eta «entzuketa aktiboaren bitartez, hondakinen kudeaketaren erronka, gure kaleetan eta gure etxeetan hasten denez, egungo beharretara egokituko den arautegia» lortu nahi dute.
Otsailaren 4tik hasita 30 egunez arautegiaren testua www.txinzer.eus atarian kontsultatu daiteke, eta bidasotarrek ekarpenak egiteko aukera izango dute, webgunean bertan edo Txingudiko Zerbitzuak Mankomunitatearen Irungo Juncal kaleko 26.eko bulegoetan, aldez aurretik 900 119 384 telefonoan hitzordua eskatuz.
Mende laurdeneko eboluzioa
Ordenantza berriak 2001etik indarrean dagoen arautegia ordezkatuko du, eta Leire Zubitur Txinzerreko kudeatzaileak onartu duenez, «behar handia dago, 2001ean existitzen ez ziren lege berriei egokitu eta modernizatzen joan diren hondakinen kudeaketa eta zerbitzuak aintzat hartuko dituen arautegi baten beharra zegoen aspaldi». Bi hamarkadatan hondakinen kudeaketa asko aldatu da. Ordenantza zaharrak materia organikoaren bilketa, Garbiguneen erabilera edota jende asko biltzen duten ekitaldi publikoetan hondakinen bereizketa ez zuen kontutan hartzen, besteak beste.
Hortaz, lehen existitzen ez ziren zerbitzuak barneratuko ditu arautegi berriak. «Honekin ez dugu esan nahi ordenantza onartu eta gero kudeaketa aldatuko denik, azken urteetan egin beharra zegoelako bultzatu dugun hondakinen bereizketa eta kudeaketa zerbitzua eraginkorragoa izan dadin lanean jarraituko dugu berdin, baina lehen borondatea eta konpromisoa zena, orain arau bilakatu da», argitu du Txinzerreko kudeatzaileak. Erakundetik eskaintzen diren zerbituetatik ez ezik, baita etxeetan, ostalaritzan, merkataritzan edo industrian herritarrek dituzten betebeharretan ere.
Izan ere, duela 24 urteko ordenantza birziklatze-tasak neurtzen ez ziren garaikoa da, papera eta beira baizik bereizten ez zen garaikoa. Aldiz, gaur egun Irun-Hondarribiko birziklatze-tasa %54 inguruan dagoen bitartean, Europako zuzentaraua betetzeko helburua du Txinzerrek, 2030 urtean hondakinen %70 birziklatzera heltzeko erronka onartuta.
«Europa mailako legeak daude orain, eta Estatu mailako araudi berrietara ere egokitu behar dugu, Espainiako Ekonomia Zirkularreko Estrategiarekin bat eginez», dio Zubiturrek, «eta ordenantza berriak Txinzerrek eskaintzen dituen zerbitzuak eta baliabideak arautuko ditu, baina herritarren betebeharrak ere, jendeak ulertu behar baitu betebehar batzuk dituela, eta norbere zaborra bereiztea ez dela borondatezko kontu bat, obligazio bat baizik».