Bizikleta bidea Amuteko zubiraino luzatzeko premia gorria aldarrikatu dute

Antxeta Irratia 2025ko ots. 6a, 12:07

Santiago eta Plaiaundi arteko bidegorria inauguratu eta hiru egunera, "Bidegorria Noizko!" pankarta eusten duten bi txirrinda gorri ezarri dituzte gaur, aspaldiko premia gorri baten ikur. Irungo Plaiaundi institutuan (bidegorri berria amaitzen den lekuaren parean) eta Mendeluko GI-2134 errepidearen bazterrean (Alkain aurrean) agertu dira goizalde honetan.

2021ean "Bidegorria Orain!" aldarrikatzen zuten herritarrek. 2025ean, dagoeneko, "Bidegorria Noizko?" galdetzen dute. Agintariek estreinatu berri duten egurrezko pasabidea Plaiaundiko hezegunearen bazterretik Hondarribiarekin lotura egingo zuela iragarri zuten 2021ean proiektua aurkeztu zutenean. 2023ko udazkenean obra esleitu ondoren, lanak egingo zituen enpresak aurreikusitako kostua uste baino handiagoa izango zela ikusita, honek uko egin zion bidegorri berriaren luzapena Mendeluko Los Planetas etxeen atzealdetik, eta erreka bazterretik Amuterekin lotzeko proiektuari. Hiru hilabeteko epea zuen enpresak kontratua izenpetzeko, baina ez zen sinatzera iritsi.

Hortaz, agintariek obraren xehetasun guztiak eman eta nolako itxura izango zuen infografien bidez erakutsi ondoren, lizitazioa hutsik geratu zen, eta prozesua berriz hastera behartu die honek. Santiagotik Plaiaundiko Pierre Loti bidearen muturreraino 1.200 metroko pasabide berrian, orotara 3,4 milioi euroko inbertsioa egin dute. Eta Hondarribiarekin lotura falta badu ere, «Espainiako ministerioaren zain» daudela aitortu zuen Mikel Jauregi Industria, Trantsizio Ekologiko eta Jasangarritasun sailburuak joan den asteleheneko inaugurazioan.

Aspaldiko premia gorriaren ikur

Egunotan ehunka bidasotar izan dira pasabide berria estreinatzera hurbildu direnak. Baina tantaka, bidegorria Plaiaundi institutuan amaitu, eta GI-636 saihesbidera jotzen duten txirrindulariak ere badira, Hondarribira jarraitzeko eskualdean trafiko handiena duen errepidearen 100 metroko tartea besterik ez dagoelako. Eta ondoren, egunero batez bestean 8.000 ibilgailuk erabiltzen duten Mendelu zeharkatzeko GI-2134 errepidetik jarraitzen dute Amuteko zubian hasten den bidegorrira iritsi arte. 

Balazta Bidasoko bizikletaren aldeko elkarteak «bidegorria osatu artean saihesbidearen arriskua ekiditeko behin-behineko alternatiba» bat eskatu du aste honetan. Eta Amute-Kosta auzo elkartea ere, goibel agertu da «berriz ere agintariek ez dutelako bidegorria Amuteraino luzatzeko emandako hitza bete». Mendelu auzo elkarteak ere aspaldiko aldarrikapena du Irun-Hondarribia arteko lotura. 2021eko otsailaren 19an Mendelu auzo elkarteko kideak Gipuzkoako Batzarretan izan ziren auzoa trabeskatzen duen GI-2134 errepideari alternatibak eskatzeko. Eta haiekin bat egin zuten Kalapie eta Balazta elkarteek ere. 

Urte hartan "Bidegorria Orain" kanpainari ekin zioten, eta urte hartan onartu zuen Eusko Jaurlaritzak aste honetan Hondarribiraino luzatu gabe estreinatu duen bidegorriaren proiektua. Eta oraingoan ere, bidegorri zati bat eginda, "Bidegorria Noizko!" lelopean ekintza sinboliko hau egin dute, bizikletak gorriz margotuta, bidasotar askoren premia gorria, nahia eta haserrea irudikatzeko.