Joan den urriaren 9an "GI-636 Hil Egiten Gaitu!" lelopean izandako mobilizazioaren biharmaunean, Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartutakoa ofizialdu zuen azaroaren 26an Gipuzkoako Foru Aldundiak. Eta gaur jakinarazi dute, otsailaren 9an, igandean, hasiko dituztela Gaintxurizketan oinezkoentzako behin-behineko aldamio egiturako pasabidea eraikitzen.
Abiadura muga 70 kilometrora mugatzea eta seinalizazioa hobetzeko aurrekontua ere onartu zuen gobernu kontseiluak joan den azaroan, guztira 412.127 eurokoa. Baina momentuz, 348.247 euroko inbertsioa egingo dute, lau hilabeteko epean 14 metroko luzera eta 5,5 metroko altuerako egitura izango duen oinezkoen pasabidea eraikitzeko. Euskotreneko geralekuaren parean, eta 'La Seta' gisa ezaguna den guneraino iritsiko da konexioa. Hala, GI-636 errepidearen gainetik gurutzatu ahal izateko aldi baterako zubia jarriko dute, bertako bizilagun eta langileentzako arriskua murriztuko duena egitura definitiboa eraiki bitartean.
Proiektuak aurreikusten zuen bezala, aldundiak argitu du 300 metroko oinezkoentzako ibilbide bat prestatuko dela Errekalde Hotelaren eta Gure Txokoa etxebizitzarako sarbidearen artean, errepidea pasabidearen bidez zeharkatu behar duten oinezkoak bideratzeko. Ibilbidearen lehen tarte horretan, abiadura moteleko erreia kenduko dute, errepidetik hormigoizko hesien bidez banatuko duten oinezkoentzako ibilbidea sortuz. Oinezkoentzako lotura honek jarraipena izango du gero, 'La Seta' izenarekin ezagutzen den guneraino. Ibilbide horren prestakuntza Lezoko Udalaren esku egongo dela argitu du aldundiak.
Bestalde, segurtasuna hobetzeko neurri gehigarri gisa, Altamirako tunelaren eta Gaintxurizketako biribilgunearen arteko tartean, abiadura 70km ordura mugatuko da, eta seinaleztapen bertikala zein horizontala indartuko dute. Balizamendua hobetuko da eta errepidearen ardatzean lerro jarraitu bikoitza margotuko dute, erreien banaketa hobetzeko.
Semaforo bidezko txandakako zirkulazioa
Lanak igandean hasiko dituzte 22:00etan, hormigoizko segurtasun hesiak jarriz, abiadura moteleko erreiaren ertzean. Horretarako, trafikoa semaforo bidez txandakatu egingo dutela iragarri du Foru Aldundiak, eta segurtasun-hesia jarri ondoren, errei bat jarriko dute noranzko bakoitzerako, asteleheneko 6:00etatik aurrera.
Lanek iraun bitartean eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko, GI-636 errepidean (Irungo noranzkoan), txirrindulariek ezin izango dute zirkulatu Lanbarrenerako sarbideko biribilgunearen parean.