Saharar herria laguntzeko 12 tona elikagai bildu dituzte Txingudin

Koldo Nausia 2025ko ots. 11a, 09:35

Urtarrilan eskualdeko 14 supermerkatutan eta ikastetxe publikoetan egindako elikagai bilketan iaz baino 2.000 kilo elikagai gehiago bildu ditu Tadamum elkarteak. Tindufeko (Aljeria) basamortuko errefuxiatu kanpalekuetan sahararrek bizi duten muturreko egoera arintzeko Euskal Karabanak 20 urte bete ditu aurten.

Elikagaiak sailkatu eta kartoizko kutxetan prezintatzeko lanak amaituta, Tadamum Txingudiko Sahararen Lagunen Elkarteko boluntarioak eskertuak daude, berriz ere, Bidasoaldeko herritarrek agertu duten elkartasunagatik. Joan den urtarrilaren 24an eta 25ean Irungo eta Hondarribiko 14 supermerkatutan Elikagaien Euskal Karabana betetzeko egindako elikagaien bilketan batetik, eta bestetik eskola publikoetan jasotakoari esker, iaz baino 2.000 kilo janari gehiago bildu dute aurten. Beti bezala, kontserba latak, pasta, arroza eta lekaleak (edo lehor kontserba daitezkeen oinarrizko elikagaiak) jaioberrientzako fardelak, hauts-esnea, edota emakumeentzako konpresak bezalako higienerako materialak bildu dituzte. 

Elkarteko kideek kontatu digutenez, Irungo Udalak 860 arroza kilo eman dituen bitartean, Hondarribiko Udalak ez du ekarpenik egin. Eta Iparraldeko partikular baten eskutik, erretiratu behar zuten medikamenduz betetako anbulantzia bat eman diete dohaintzan. Zenbait aulki-gurpildun ere bildu dituzte, Euskal Karabanarekin batera bidaliko dituztenak. 

Orain Donostiako DBuseko gidari boluntarioek bezala, beste hainbaten laguntzari esker, Alakanteko (Valentzia) porturaino kamioietan eta furgonetetan eramango dute, eta itsasontziz Oraneko portura (Aljeria) lehenik, eta gero basamortuz gaindi Tindufeko Aaiún, Auserd, Smara, Bojador eta Dajla kanpalekuetan bizirauten duten 175.000 sahararrentzat itxaropena daramate.

Txingudiko sahararen lagunek bildutako 12 tona elikagaiak kutxetan prezintatzen aritu dira egunotan. 

Iazko kanpainan euskal karabanak 40 tona janari bideratu zituen Gipuzkoatik Tindufeko (Aljeria) errefuxiatu kanpalekuetara, eta horietatik 10 tona Bidasoaldean bildutakoa zen. Aurten 80 tona biltzeko erronka hartu zuten Gipuzkoa mailan, eta momentuz, Bidasoaldetik 12 tonako ekarpena egingo du Tadamum elkarteak. «Irunen eta Hondarribian beti egon da elkartasun berezi bat saharar herriarekin», argitzen digute elkarteko ordezkariek.

Inoizko premiarik handiena

Aurtengoa antolatzen duten 20. elikagaien kanpaina da. Baina inoiz baino premia handiagoa du basamortuko erbestean dagoen herri sahararrak. Izan ere, Espainiako Gobernuak Munduko Elikagai Programarentzat bideratzen duen dirulaguntza apaldu egin du azken urteetan, eta 2020az geroztik Munduko Elikagai Programak bideratu ohi zien janari-saskia %30 murriztu diete. Aurtengoan gainera, zenbait kanpalekuetan irailean jasandako uholdeen ondorioz egoera larriagotu egin da.

Gehienek fruta, barazki eta janari freskorik ez dute eskuratzeko aukerarik, eta kartoizko kutxetan heltzen zaien laguntza humanitarioari esker egiten dute aurrera. «Hirutik ume bakar batek du garapen osasuntsu edo normala elikadura eskasaren ondorioz, argaltxo eta txiki geratzen dira. Eta emakume haurdunen erdiak anemia pairatzen du», azaldu digute elkarteko kideek, «familia askok ez lukete aurrera egingo Euskal Karabanarik gabe». Urtero bezala, hainbat boluntariok, eta Oporrak Bakean programaren bitartez, udan haur sahararrak euren etxeetan jasotzen dituzten euskal familia askok kanpalekuetara bisita egin zuten joan den abenduan. Eta azpimarratu digutenez, «urtetik urtera ikusten da egoerak okerrera egiten duela, gero eta baldintza kaxkarragoa dute».

50 urte beteko dituzte Aljeriako hamada delako basamortuan. Han ez da deus ernaltzen ahal, eta haien kontsumorako eta eguneroko garbiketarako ura ere, kamioi-zisternetan heltzen zaie. Beraz, mugatua daukate: pertsona bakoitzak gehienez ere 17 litro erabil ditzake egunean edan, garbitu, sukaldatu, etabar... Hortaz, Nazio Batuen Erakundeak (NBE), larrialdi edo katastrofe egoeran gomendatzen duen pertsona bakoitzari bermatu beharreko 22-25 litro ur eguneko gutxienekora ez dira iristen.

Denbora eta politikarien ahanztura

Mendebaldeko Sahara Espainiako 53. probintzia izan zela gogoratzen du Tadamum elkarteak, baita espainiar estatuak saharar herriarekin duen zor historikoa ere. 1975ean Espainiak «Marokoren atzaparretan abandonatu zituenetik», Aljeriak Tindufeko basamortuan erbesteratzea onartu zituen. Eta gaur egun 175.000 sahararrek kosta ahala kosta bizirauten dute ia mende erdi bete duen krisi baten ondoren. Baina nazioarteko politika nola dagoen ikusita, eta Frantziak, Alemaniak eta Espainiak hartutako azken erabakien ondoren, «etorkizun iluna dute, ez dute lagunik, eta haien auzia ez dago inorren agendan», dio goibel elkarteko kide batek. NBEk erreferendum eskubidea aitortu zion Mendebaldeko Saharari 1991. urtean, baina nazioarteko legediaren gainetik inposatu dira haien itsaso eta lurren baliabideak ustiatzeko interes ekonomikoak.

Hala, basamortuan erbesteraturik, euren jatorrizko udalerriaren izen homonimoa duten wilaya edo kanpalekuetan aurkitzen dira, basamortuak alde batetik, eta bestetik Marokok bost zatitan eraikitako 2.700 kilometroko «lotsaren hesiak» mugatuta, aire zabaleko espetxe erraldoi batean.