Hego Lapurdiko lau herri batu dira euskararen alde. Hendaia, Urruña, Donibane Lohizune eta Ziburuko herriek hamar hitz orduko egitaraua osatu dute martxoaren 15etik 30era euskarari bultzada eman nahian. Hamabost egun, gurasoak euskarazko irakaskuntzari sentsibilizatzeko helburuarekin. Guraso euskaldun edo erdaldun izan, haien kezka eta galderei erantzutea da xedea.
Lau herrietako agintariek argitu dutenez, ekimenaren leloak dion bezala, "Urratsez urrats haurrekin bide egiten" nahi dute euskara suspertu oraingoan, guraso edo guraso izango direnak, euskaldun izan ala erdaldunak sentsibilizatuz. Hitzorduen artean, gurasoak haurren eredu direla esplikatzea gonbidatu dute Kike Amonarriz, "Zergatik euskaraz hitz egin behar da" azalduko du Michel Feltin Palas kazetariak, eta Paula Kasares Nafarroako soziologoa ere hor izango da. Nerabeei begira, aldiz, Xan Aire eta Elorri Garat psikologoa "Lagundu, gure haurra nerabea da eta ez da gehiago euskaraz ari" izeneko mintzaldia emango dute.
Filipe Aramendi Urruñako auzapezak azpimarratu duenez, herri eta alderdi politiko ezberdinetako auzapezen arteko elkarlanari esker osatu dute hamabostaldia. Hendaia, Urruña, Donibane Lohizune eta Ziburuko herriko etxeen elkarlana da, euskararen gaiak muga politikoak gainditzen dituelakoan baitaude.
Lehen hitz ordua martxoaren 15ean izanen da Ziburun, Plazara kolektiboak gurasoei euskara deskubrimendu tailerra proposatuko die.