2024ko martxoan BDS Koop elkartetik eratutako trantsizio ekosozialerako Behatokiak egindako lau azterlanak aurkeztuko dituzte Palmera Monteron, beste hainbeste saiotan. BDS Koop Eraldaketa Fabrikak krisi globalari «logika soziala eta inteligentzia kolektibotik» erantzuteko helburuarekin sortu zuten Behatokia. Gure lurraldean dauzkagun aukerak sakonean aztertzen dituen tresna da, GEZKI ikerketa institutoaren laguntzarekin, eta zaintza kooperatiboa, ekonomia zirkularra eta polo kooperatiboen egiturak aztertu ditu azken urtebete honetan.
EHUko 30 bat ikerlarik osatzen duten GEZKI institutoak egindako azterlanen txostenak interneten jarriko dituzte nahi dituen ororentzako. Baina aipatutako saioetan aurkeztuko dituzte emaitza eta ondorio guztiak. Zaintza ereduari buruz hausnartzea funtsezkoa dela deritzo BDS Koopeko kide Dornaku Lantzek. «Ukaezina da zaintzen krisia dela XXI. mendeko erronka handienetako bat. Gizarte gisa erantzun beharreko egiturazko arazo honi aurre egiteko aukeretako bat zaintza kooperatibak dira», aldarrikatzen du.
Egindako “Zaintza kooperatibak. Irungo udalerrirako bideragarritasun plana” ikerketarako bazuten nondik abiatu. Hernanin Maitelan egitasmoa dago martxan lehen esperientzia gisa, baina «zaintza ardura komunitario bat gisa ulertu behar dela, eta ez familia barrukoa bezala» nabarmendu dute. Eta horretarako ekonomia feminista eta logika sozialetik, eredu kolektibo posibleak aztertu dituzte Bidasoaldean. Eta otsailaren 21ean, 11:00etatik 13:00ra aurkeztuko dute emaitza, Irungo Palmera Montero gunean. Zaintzen krisiari aurre egiteko zaintza kooperatiba batek dituen aukeren eta baldintzen inguruan egindako ikerketa aurkeztuko du bertan Ekonomia Sozialean berezitutako ekonomialaria den Amaia Arozenak.
Ikerlanak, arloka, banan-banan
Bidasoaldeko Ekonomia Sozialeko Foroetan aurkeztuko duten bigarren ikerlana, ekonomia zirkularrari buruzkoa izango da. Dornaku Lantzek azaldu duenez, «agroelikadurak eduki ditzakeen aukerak» aztertu nahi dituzte, Zero Zabor eta KM0 irizpideetan oinarrituz. Ekonomia zirkularra birpentsatu beharra ere azpimarratu dute proiektuaren sustatzaileek.
Hirugarren azterlana, aldiz, BDS Koop bezalako egiturek, hau da, polo kooperatiboek garapen horretan eduki dezaketen eragina aztertzea izango da. Horretarako, martxoan Alejandro Mencías-ek Polo Kooperatiboen inpaktuaz arituko da, eta apirilean Amanda Santosek Ekonomia Zirkularrak elikadura alorrean dituen aukera eta beharrez. Azken saioan, maiatzean, Iker Eizaguirrek Ekosistema Burujabeez hitz egingo du.