Bidasoaldeko gazteek hitza hartuko dute irratian haien errealitateaz hausnartzeko

Koldo Nausia 2025ko ots. 19a, 11:00

Bidasoaren bi aldeetako gazteek bizi dituzten errealitateak alderatu, eta komunean dituzten puntuak topatzeko hitza hartuko dute Antxeta Irratian otsailaren 21etik aurrera Itsasadarra podcastean. Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoarekin lankidetzan, Bidasoaldean batzen gaituen euskaraz egindako bost mahainguruk osatzen dute proiektua. Gazteak hizkuntza, gazteen osasun mentala, aisialdia, kirola edo hezkuntza bezalako gaietan jorratuko dira. 

Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoak eta Antxeta Irratiak indarrak batu dituzte, eskualdeko gazteei ahotsa eman, eta haien kezka, asmo eta erronkak ezagutzeko aukera emango duen Itsasadarra podcastaren proiektua garatzeko. Irrati uhinetan ez ezik, partzuergoaren zein irratiaren atari digitaletan eta sare sozialetan hedatuko dituzten bost mahainguru izango dira, eta bideoz ere saretuko dituztela iragarri dute.

Gazteak protagonista dituen proiektua izanik, bere helburuetan da, Bidasoaren bi bazterretan gazteek bizi dituzten errealitateak alderatzea, eta komunean dituzten puntuak topatzea. Haien artean, Bidasoaldean zubilanak egiten dituen hizkuntza edo tresna komuna dugunez, proiektua ezinbestean euskaraz egin beharra zegoela azpimarratu dute partzuergoko agintariek.

Estitxu Urtizberea presidenteordeak aldarrikatu duenez, «euskaltzaleontzat euskara da gure aberria, eta ezberdintasun administratibo eta juridikoek banatzen dutena, euskarak batu dezake, eta Antxeta Irratiak eskualdeko udalerriak hurbiltzeko egunero egiten duen bide beretik, gazteak elkar ezagutzeko aukera emango du proiektuak». Nuria Alzaga partzuergoko presidentak, aldiz, «gazteak etorkizuna» direla kontuan hartuta, «eskualdea eraikitzen jarraitzeko eta gazteek zer nahi duten eta haien kezka nagusiak zeintzuk diren ezagutzeko» aukera emango duela pentsatzen du. Itziar Aizpuru, partzuergoko Euskara Batzordeko kide eta Hendaiako herriko etxeko ordezkariak nabarmendu du ere, aurreneko aldia dela eskualdea bere osotasunean aintzat hartuta, gazteei hitza horrela ematen zaiela. «Historiak lortu ez duena, errealitate geografikoak lortu dezake, eta ezberdintasunen gaindi gazteen arteko harremanak hurbiltzeko balio dezake», nabarmendu du. 

Bost podcast, gai anitz

Bost programek hari bat osatzen dute, bertako gazteen errealitatea, eta mugaz gaindiko harremanetan urratsak emateko helburua, Bidasoa-Txingudi eskualdea ardazten jarraitzeko. Aimar Lopez, Antxeta Irratiko kide eta proiektuaren eramaileak azpimarratu duenez, «gazteok ez dugu aduana edo muga fisikoa ezagutu, eta azken urteotako Europa mailako lankidetza proiektuei esker modu naturalago batean harremantzeko joera dugu». Hortaz, dagoeneko grabatu egin duten aurreneko podcastean ohartu dira, ustezko ezberdintasun guztien gainetik, «kezka, interes eta gauza gehiago dituztela komunean pentsatu baino». Argitu duenez, «gaur egun beste muga batzuk egon daitezke, Hendaia eta Hondarribiaren artean, edo Irun eta Hondarribiaren artean aldeak egon daitezke arlo askotan, baita gauzak komunean ere». 

Proiektuaren podcast bakoitzean gai ezberdin baten inguruan eztabaidatzeko aukera izango dute gazteek. Bidasoaldeko nortasuna, gazteen osasun mentala, aisialdia, kirola edo hezkuntza bezalako gaietan jardungo dira proiektuan parte hartzeko boluntario aurkeztu diren Irun, Hondarribia eta Hendaiako gazteak. Hasteko, otsailaren 21ean Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna dela probestuta, euskaratik eta euskarari buruz ariko dira. Antxeta Irratian 19:00etako albistegien ondoren hedatuko dute Itsasadarra-ren aurreneko alea, baina egunean zehar hasiko dira sare sozialetan bideoz eta webguneetan irratsaioak plazaratzen.