Irungo EAJk eta Hondarribiko EAJk bat egin dute Txingudiko Plan Bereziaren mahaian aurrerapausoak eskatzeko. Alderdi bereko bi udalerrietako bozeramaileek, Gorka Alvarez eta Gonzalo Carrion pozik agertu dira Trantsizio Ekologikoko Ministerioak Irungo alkate Cristina Labordari Plaiaundi eta Amute lotzeko obrak berriro lizitatzeko konpromisoa jakinarazi diolako.
Plaiaundiko hezegunea eta kirol pistak
Horrek San Lorentzoko urmaela zabaltzeko eta Plaiaundi natur parkeak oraindik ere lehengoratzeko dituen eremuak berreskuratzeko aukera emango luke. Irungo bozeramaile jeltzaleak Plaiaunditik Txenperenearako pistak lekuz aldatzeko beharra berretsi du. Eta gogoratu du Irungo EAJk 2018an proposatu zuela kokapen hori, eta 1993an sinatutako hitzarmena berritu beharra dagoen honetan, duela gutxi akordio bat lortu dela Irungo Udaleko talde politiko guztien arteko mozio baten bidez. «Bidasoa Atletiko Taldeari eta Txingudi Errugbi Klubari bakoitzak izan ditzakeen kirol diziplina eta proiektuen araberako instalazioak eman behar dizkiegu, hirian bertan, Irunen, garatu ahal izateko», aldarrikatu du Alvarezek.
Horregatik Txingudiko Plan Bereziaren mahaiari Txenpereneako jarduerari berriro ekiteko eta erakunde bakoitzak zein neurritan aurre egin behar dion zehazteko eskatu du. Izan ere, kirol instalazio duinak ez ezik, Plaiaundiko babesgune naturalak mende laurden honetan bete ez dituen Europako zuzentarauak betetzea ekarriko du, «babestu beharreko biodibertsitatea» osatzen duten padurak berreskuratzearekin batera.
Bidegorria osatzeko beharra
Bestalde, Hendaia, Irun eta Hondarribia lotzen dituen egurrezko pasabide berriaren inaugurazioa dela eta, herritar askoren haserreaz jabetu dira ordezkari jeltzaleak. Izan ere, bidegorriaren azken zatia, Plaiaundi eta Amute artekoa, oraindik lizitatu gabe dago Espainiako Gobernuaren aldetik, baina Ministerioaren konpromisoa dagoela ikusita, hala Irungo nola Hondarribiko EAJk, «Bidasoa eskualdeko herritarrei mesede egiten dien akordioa lehenbailehen bete ahal izatea» eskatu dute.
Plaiaundi eta Amute arteko bidea egin eta gero, Amuteko zubian dagoen bidegorrirainoko azken pasabidea falta da Txingudi bailarako hiru hiriak lotzeko. Gonzalo Carrionek, Hondarribiko EAJko bozeramaileak, bere herriko Abotsanitz-EH Bildu udal gobernuari eskatu dio proiektu hau «lehentasunen artean sar dezala». Eta obra proiektua esleitu eta egiten hasi orduko, ibilbideak aurreikusten dituen partikularrenak diren lursailen oztopoa argitu dezala. Carrionek gogoratu duenez, «Amute eta Mendelu arteko errepidearen egungo konfigurazioan ezin da bidegorririk eraiki, eta Amutaldeko atzealdetik egin behar denez, udal tramitazioak Ministerioarenarekin batera joan beharko dute». Proiektua gehiago atzeratu ez dadin, lanean has daitezen eskatu du ordezkari jeltzaleak.
Ez da oharkabean pasatzen, Amute-Kosta eta Mendelu auzo elkarteek, Balazta elkartearekin batera mozioa aurkeztu berri dutela Hondarribiko udaletxean. Eta udal gobernuari bidegorria egin ahal izateko, hainbat lur desjabetu beharko direla oroitarazi diola, Aldatz nautika eta Sagarzazuko orubea besteak beste. Izan ere, orain arteko proiektua BIOK eraikinaren atzeraino besterik ez zen heltzen, eta Amuteko zubiarekin lotzeko tartean lur partikularrak daude.