Adimen Artifizialari etekin positiboak ateratzeko KREA Bidasoa antolatu dute Ficoban

Antxeta Irratia 2025ko ots. 25a, 14:30

Bidasoa Bizirik erakundeak antolatuta, enpresa eta profesionalei zuzendutako KREA Bidasoaren aurtengo ardatz nagusia Adimen Artifiziala izango da. Martxoaren 27an enpresen garapena, eraldaketa teknologikoa eta lehiakortasuna hobetzeko funtsezkoa bilakatu den tresna ezagutu eta inspirazio iturri izan daitezkeen tailerrak, hitzaldiak eta mahai-inguruak antolatuko dituzte Ficoban.

Irun eta Hondarribiko Udalek, Bidasoa Biziken bitartez, Krea Bidasoaren edizio berri bat antolatu dute Ficoban martxoaren 27an. Eskualdeko enpresa, ekintzailetza eta berrikuntza ekosistemako eragileak biltzen dituen urteroko ekitaldi honek "Konektatzen gaituena" leloa izango du bere 16. edizioan, eta sinergiak eta negozio aukera berriak sortzeko topagune izan nahi du. 

Aurtengo ekitaldiaren ardatz nagusia Adimen Artifiziala (IA) izango da, teknologia horren garapena ekintzailetza eta industriaren iraultza ez ezik, orohar enpresa munduaren lehiakortasuna hobetzeko funtsezko tresna baita. Nuria Alzaga, Bidasoa Bizirik erakundeko presidenteak aurreratu duenez, IA enpresa garapenerako zein lehiakortasuna hobetzeari buruzko tailerrak eta mahai-inguruak proposatuko dituzte. «Talentuaren, sormenaren eta etengabeko hobekuntzaren zerbitzura dagoen tresna gisa ulertzea nahi dugu Adimen Artifiziala, eta prestakuntza, inspirazioa eta profesionalen eta enpresen arteko lotura uztartzen dituzten jarduera ugari egingo dira», iragarri du Alzagak.

Estitxu Urtizbereak, Bidasoa Bizirikeko presidente ordeak, KREAk suposatzen duen topagunearen garrantzia azpimarratu du. «Bidasoa Bizirik lan handia egiten da enpresen garapenerako testuinguru bat sortzeko, eta Adimen Artifiziala geratzeko iritsi den zerbait den heinean, eta teknologia guztiekin erabilera egokia egin eta etekin positiboa ateratzen ikasteko aukera dugu», esan du Urtizbereak. Era berean, Bidasoa Bizirik erakundetik urtero bitan antolatzen duten Enpleguaren Astearekin bat datorrela uste du, «bi ekimen hauek elkar elikatzen» baitute.

Antolatutako tailerrak interesgarriak direla azpimarratu dute, eta enpresen elkar ezagutza sustatzeko aukera bat ere, aurreko KREAren edizioetan agerian geratu den bezala, tailer eta hitzaldi guztietan plazak bete egin baitira. 

Oraingo honetan, hauek dira antolatutako tailerretako batzuk. 

  • "KONEKTA ZAITEZ IDEIEKIN: IA eta Berrikuntzarako Lego" – Hackathon bat Lanbide Heziketako ikasleekin, Lego Serious Play eta Adimen Artifizialaren erabilera konbinatuko dituena proiektu berritzaileak garatzeko denbora errekorrean.
  • "KONEKTA ZAITEZ PRODUKTUAREN PASAPORTE DIGITALAREKIN" – Jardunaldi garrantzitsua industria-enpresentzat produktuen iraunkortasunari eta trazabilitateari buruz, José María Fernández Alcalá IHOBEko Ekonomia Zirkularreko zuzendariaren parte-hartzearekin.
  • "KONEKTA ZAITEZ LIDERGOAREKIN ETA EKINTZAILETZA BERRITZAILEAREKIN" – Mahai-ingurua, osasuna, mugikortasun iraunkorra eta hezkuntza bezalako sektoreetan sortzen ari diren proiektuekin, LEINNeko (Mondragon Unibertsitatea) ikasle-taldeen eskutik.
  • "KONEKTA ZAITEZ IA-REN BOTEREAREKIN ZURE ENPRESAN" – Tailer praktiko bat, enpresek beren prozesuetan Adimen Artifiziala ezartzeko aukera zehatzak aurki ditzaten.
  • "EL ESPACIO DE CONEXIÓN" – Digitalizazioan, jasangarritasunean, gizarte-ekonomian eta berrikuntzan adituek aholkularitza pertsonalizatua eskainiko diete enpresa eta ekintzaileei.
  • "FIRST PITCH" – Formatu arineko proiektu berritzaileen aurkezpen dinamikoa, inpaktu potentzial handiko ideiak nabarmenduz

Egitaraua osoa eta izena emateko hemen sakatu.