"Duintasunaren bidea" kontzertu bira Urruñara heldu da, emakume kurdutar errefuxiatuen alde

Koldo Nausia 2025ko mar. 13a, 12:00

Kurdutar herriaren sostenguz "Duintasunaren Bidea" nazioarteko biraren baitan gaualdia antolatu du Bagera elkarte feministak, larunbatean (20:00etan) Urruñako Itsas Mendi zinema gelan. Neila Benbey & Gani Mirzok musikarien emanaldia izango da, "Armonias para después de la guerra" dokumentalaren proiekzioaren ondotik. Sarrerak 8 eurotan dira kurdutar errefuxiatuen alde.

Martxoaren 15ean itxiko du Bagera elkarte feministak M8 Emazteen Eskubideen Nazioarteok Egunaren bueltan antolatutako programa. Gaualdi solidario batekin borobilduko dute Urruñako Itsas Mendi zinema gelan, 20:00etatik aurrera. Elkarteko Itziar Varelak argitu digunez, yezidien emazte errefuxiatu kurdutarrekin elkartasun kontzertua izango da. 90. hamarkadatik erbestean bizi den Gani Mirzo musikari kurdutarrak 2019an sortu zuen Mirzo Music Foundation erakundearen eskutik, Siria eta Irakeko kurdistandar errefuxiatu kanpalekuak laguntzeko ekimena da "La Route de la dignité-The dignity road" (Duintasunaren Bidea) nazioarteko bira. Eta horren baitan kokatzen da Urruñako kontzertua ere.

Hain justu, gaualdia gai honi lotutako "Armonias para después de la guerra" dokumentalaren proiekzioarekin hasiko da (frantsesezko azpitituluekin), eta ondoren fundazioak laguntzen duen emakume kurdutar errefuxiatuen musika eskola bat laguntzeko kontzertua izango da. Sarrerak 8 eurotan izango dira, eta Itsas Mendi gelan bertan eros daitezke egun berean.

Duintasunaren Bidea

Gani Mirzo (Qamishlo, Siria, 1968) "Duintasunaren Bidea" elkartasun bidaiaren buru bilakatu da azken urteetan, Kurdistango musika tradizionala munduko txoko ezberdinetako beste tradizio batzuekin uztartuz, jazz, folk edo flamenkoa besteak beste. Munduan zehar dabil Juan Jose Barreda (kitarra jole flamenkoa), Josean Martin (kitarra eta bouzouki), Fran Lasuen (bibolina, perkusioa eta rabel), Neila Benbey aljeriarraren ahotsarekin eta Armeniako Ibrahim Keivo buzuq eta ahotsarekin oholtza partekatuz. Urruñako emanaldian, hain zuzen ere, Neila Benbey eta Josean Martinekin batera ariko da. 

Gani Mirzo eta Neila Benbey "Duintasunaren Bidea" kontzertu biraren emanaldietako batean.

Mirzok berak azaltzen duenez, «kurdistandar herriak ehunka urte daramatza ez desagertzeko borrokan, eta musikak beti izan du garrantzia berezi bat». Izan ere, kurdutarren hizkuntza, eta beraz, literatura eta kultur adierazpenak debekatua daude Siria, Turkia, Irak eta Iranen. Eta musikariak dioenez, haien kultura ahoz aho eta musika tradizionalaren bidez transmititu izan da belaunaldiz belaunaldi.