"Trézence" ontzia iritsi da Txingudiko badia eta Bidasoa dragatzeko

Antxeta Irratia 2025ko mar. 13a, 15:09

Apirilean hasiko dituzten Txingudi badiaren dragatze lanetarako hondeamakina atzo iritsi zen Hendaiara. 2027ko maiatza arte 320.000 m3 mugitzea aurreikusten dute Zokoburuko kirol portua, Floridako kaia eta kanalaren eremuan. Jasotako lohi-sedimentuak kostaldetik 4 kilometrora botako dituzte, eta kalitatezko hondarra Hondarraitz hondartza betetzeko erabiliko dute.

Joan den urtarrilaren 7an Hendaiako Gaztelu aretoan egindako bilera publikoan Kotte Ezenarro auzapezak jakitera eman zuen bezala, apirilean hasiko dituzte Txingudiko badiako dragatze lanak. Dragatzeko hondeamakinek 2022ko udaberrian hasi behar zuten lanean, baina negoziazio prozesu amaigabe baten ondoren, jarduera ekonomikorako funtsezkoa den Txingudiko badiaren dragatzea orain eginen da azkenik.

Hendaiako herriko etxeak argitu duenez, kronogramaren atzerapena lanen esleipenean hautatu gabeko enpresa batek jarritako kontratu aurreko auzo baten ondorioz eman da. Paueko administrazio-auzitegiak atzera bota zuen salaketa. Baina proiektu handi horren programazioa berrikustera behartua ikusi zen udala. Hala ere, hiru urte geroago, 2025eko apirilean hasiko dira lanak.

Orotara 10 milioi euroko inbestizamendua eskatzen duen proiektua da. Bileran azaldu dutenez, 320.000 m3 erauzteko beharra dago Bidasoa ibaiaren eta badiaren hondoetatik, eta Udalak Pirinio Atlantikoetako departamenduarekin elkarlanean, eta portuko agintaritza emakidadunarekin kogestioan gauzatuko du. Momentuz, "Trézence" izeneko dragatze-ontzia iritsi da aste honetan prestaketa lanak egiten hasteko. Baina iragarri dutenez bigarren hondeamakina bat ere ariko da lanean apiriletik aurrera. 

Dragatze lanen faseak

Badiako hondarra kentzeko plan orokorra 1997 urtean hasi zen. Bidasoa ibaiak eta badiak nabigazio baldintzak betetzeko, ibaiak naturalki pilatzen dituen sedimentoak hustutzea eskatzen baitu. Aldiz, epe luze batetan halako lanik egin gabe egon ondoan, badiaren hondoan metatutako hondarra eta lohiak zailtasunak eragin zituen Zokoburuko eta Floridako portuetan ez ezik, ibaian itsasbeherarekin normaltasunez nabigatzerako garaian ere.

Hondar metaketagatik Bidasoan nabigatzeko arazoak suertatzen dira itsas-beherarekin. 

2017az geroztik hiru dragatze-eremu ezarri dira proiektuko bazkideek egindako planean. Bidasoako bokaleko uretan lehen zailtasuna Espainiako eta Frantziako lurraldeen arteko demarkazio-lerroa zehaztea izan zen. Horri esker, A gunea trazatu ahal izan zen, Txingudiko badiara sartzeko kanalari dagokionez, Zokoburuko puntan zehar kirol porturaino. Azken hori B Zona bezala identifikatzen da, eta C gunea, berriz, Floridako kaiaren gainean. Lanen helburua, gune horietako bakoitzerako, nabigazio-baldintzak bermatzea eta ziurtatzea da, erabilerak mantentzea eta arrantza-eremu teknikoa zaintzea, baita arrantzontziei lekua ematea ere.

Lanak hainbat fasetan programatu dituzte. 2025eko apiriletik maiatzera, kirol portuan. Bigarrena, 2026ko otsailetik maiatzera, eta 2027ko apiriletik maiatzera azkena, Floridako kaiaren eskuinaldean. Ondoren, hiru gune horiek baldintza egokietan mantentzeko bigarren dragatze plan bat programatuko dutela iragarri dute, 2032ko ekainerako.

Sedimentuen azterketa eta aprobetxamendua

Hendaiako herriko etxeak jakinarazi duenez, Bidasoatik eruaziko diren 320.000 m3 materiala aztertu egingo dute, sedimentuak kutsatuak dauden argitzeko, bereziki kirol-portuaren barruan eta Floridako kaian. Behin egin beharreko azterketak burutu ondoren, hondar eta lohi-sedimentuak kostaldetik 4 kilometro baino gehiagora garraiatuko dituzte txalupetan kargatuak, eta slamming izeneko teknikaren bidez urperatuko dituzte 50-60 metroko sakoneran. 

Aldiz, kanalaren eremutik ateratako kalitate oneko hondarrak, sedimentazio eremu batean kokatuko dituzte hondartzan eta Sokoburu aldean bereziki. Izan ere, azken 10 urteetan Sokoburuko dunen parean eta barraren aldean itsas-korronteek hondartza hustu izan dute, eta herriko etxeak kanpotik ekarritako hondarrekin betetze lanak egin behar izan ditu. Oraingo honetan, aldiz, lan hauei esker bilduko duten hondarra Sabliere eta Grenadiers kaleen artean dagoen hondartza zatian (erdialdera) barreiatuko dute Hendaiako Hondarraitz hondartza pixkat birmoldatzeko aukera aztertzen ari baitira.

Bestalde, halako lanek eragin dezaketen ingurumen inpaktua aintzat hartuta, Txingudiko badiakoa bezalako ingurune batean esku hartzea kontu handiz egingo dela argitu dute agintariek, bereziki faunan eta floran ahalik eta kalterik txikiena eragiteko. Horretarako, dragatu beharreko guneen kopurua mugatu egin dute, eta puntu estrategikoetan baizik ez da egingo lan teknika egokiak erabiliz.